Mundua -
Protesta
Manifestazio jendetsua Londresen, doikuntza politikak salatzeko
Aurreikuspen guztiak gainditu dituztela adierazi dute martxaren antolatzaileek. Hainbat pertsona ezagun izan dira bertan, tartean, Martin McGuinness Sinn Feineko buru eta IRAko buruzagi ohia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
250.000 lagun inguru atera dira gaur kalera Londresen David Cameron lehen ministroaren Gobernuak ezarritako austeritate edo doikuntza politikak salatzeko, protestaren antolatzaileek berri eman dutenez.
Gaurko martxak aurreikuspen guztiak gainditu dituela baieztatu die "Herriaren Batzarra" taldeko bozeramaile batek kazetariei.
"Poliziak ere uste du ehunka mila lagun daudela manifestazioan. Gaur ez da doitasunaren kontra egiten ari garen kanpainaren amaiera, Gobernuari aurre egingo dion mugimendu jendetsu baten hasiera baizik", adierazi du.
"Gerra Gelditzeko Koalizioa" talde antolatzaileko ordezkari batek adierazi du Cameronek azken urteetan ezarritako doitasun neurriak are "ankerragoak" izango direla orain, azken hauteskundeetan gehiengo absolutua eskuratu ondoren.
Manifestazioa Ingalaterrako Bankuaren aurrean hasi da eta, Londres erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren, Westminsterreko Parlamentuaren parean amaituko da.
Amaieran, sona handiko hainbat lagunek hartuko dute hitza, tartean, Charlotte Church abeslariak, Russell Brand komiko eta aktibistak eta Martin McGuinness Sinn Feineko buru eta IRAko buruzagi ohiak.
Halaber, oholtzara igoko da Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagi izateko helburua duen politikaria ere.
George Osborne Ekonomiako ministro britainiarrak uztailean aurkeztuko du 2015-2016 aldirako Aurrekontua, haren esanetan, hauteskunde kanpainan hitzemandakoa betetzeko. Dena den, zenbaitek uste du doikuntza neurri zorrotzagoak iragarriko dituela.