Mundua -
Estatu Islamikoak egindakoa
Kuwaiteko atentatuaren egilea saudiarabiarra da
Bestalde, Kuwaiteko Poliziak beste bi lagun atxilotu ditu, mesquita xiita batean izandako atentatu terroristarekin lotura dutelakoan. Eraso hartan 27 lagun hil ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kuwaiteko Barne Ministerioak adierazi duenez, ostiralean mesquita xiita baten aurka egindako atentatuaren egilea saudiarabiarra da, eta egun horretan bertan iritsi zen Kuwaitera.
Ministerioak azaldu duenez, terrorista suizida Fahd al Qabaa deitzen zen. Dena den, ez dituzte horren inguruko datu gehiagorik eman.
Al Qabaa hegazkinez iritsi zen Kuwaitera ostiral goizealdean, meskita xiitaren aurka egin zuen atentatuaren egun berean, hain zuzen ere.
Beste bi atxilotu
Kuwaiteko Poliziak beste bi lagun atxilotu ditu, joan den ostiralean hiriburuan mesquita xiita batean izandako atentatu terroristarekin lotura dutelakoan. Eraso hartan 27 lagun hil ziren, eta beste 227 zauritu.
Barne Ministerioak bi oharren bidez jakitera eman duenez, terrorista suizida mesquita xiitara eraman zuen ibilgailuaren gidaria eta terrorista ezkutatuta egondako etxearen jabea dira Poliziak atxilotutakoak.
Gidariak 26 urte ditu, atzerritarra da, eta legez kanpo bizi da Kuwaiten. Lagun hori Al Riqqako auzoan atxilotu dute, Kuwaiteko hegoaldean.
Etxearen jabea kuwaitarra da, eta ideologia jihadista babesten du, hasierako ikerketen arabera. Terrorista mesquitatik gertu utzi ostean, herritar horrek ihes egin zuen.
Al Nahar kazetak argitaratu duenez, gutxienez 18 lagun atxilotu dituzte ostiraleko erasoarekin lotura dutelakoan. Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatuaren egiletza.
Bertan 27 lagun hil eta beste 227 zauritu ziren, terroristak gainean zeramatzan lehergaiak mesquitaren otoi-gelan lehertu zituenean. Une hartan jendetza zegoen, ostiral eguerdiko otoi-unea baitzen.
Atentatuak emirerri txiki hori sumindu du: bertako 4 milioi herritarren artean, % 90 baino gehiagok Islama profesatzen du. Horietatik % 30k xiitak dira eta gainerakoak, berriz, suniak.
Aldi berean, bi hotelen aurkako atentatua izan zen Tunisian: han 38 hildako izan ziren, eta nazioarteko buruzagiek irmo gaitzetsi dute erasoa.