Mundua -
Gogortu dituzte legeak
Tunisiak segurtasun neurri sorta iragarri du bere burua babesteko
Agintariek kontrolpean ez dituzten meskitak itxiko dituzte, Gobernuak finantzatuko ditu elkarteak, eta "Konstituzioa errespetatzen ez duten" alderdiak eta organizazioak desegin egingo dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Habid Essid Tunisiako lehen ministroak neurri sorta iragarri du Susako hondartza baten kontrako atentatuaren ostean segurtasuna indartzeko, besteak beste, agintariek kontrolpean ez dituzten meskitak itxiko dituzte.
Essiden esanetan, Gobernuaren asmoa da Erlijio Arazoetarako Ministerioak kontrolatzen ez dituen meskitak ixtea datorren astean, "indarkeria sustatzeagatik", eta 80 bat izango dira, Reutersen datuen arabera.
Gainera, Gobernuaren esku egongo da elkarteen finantzaketa, presidenteak adierazi zuenez, eta Konstituzioa errespetatzen ez duten alderdiak eta organizazioak desegin egingo dituzte.
Bestalde, Gobernua herrialdeko mendi guztietan "gune militar itxiak" sortzearen alde agertu da, terroristak bertan ezkutatzea ekiditeko, Radio Mosaique irrati tunisiarrak jakinarazi duenez.
Era berean, Armadako erreserbista guztiak deitu eta herrialdean zehar sakabanatuko dituzte, turismorako guneetan eta kostaldean bereziki.
Atentatua Ramadanean egin zuten, musulmanen hilabete sakratuan, eta Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain, Twitter bidez. Izan ere, erasoaren zehetasunak eman ditu eta egilea Abu Yihya al-Kairouni dela jakinarazi zuen.
Milizia jihadista hilabete honetan atentatuak egitea eskatzen ari da sare sozialen bidez. "Gure anaiak, Kalifa-herriaren gudariak, helburua lortu zuen segurtasun neurriak gorabehera", esan du miliziak. Gainera, hotela "putetxetzat" jo du eta 40 "fedegabekoen" heriotza aldarrikatu du.