Mundua -
Akordio historikoa
Kubak eta AEBk enbaxadak irekitzeko akordioa iragarriko dute gaur
Barack Obamak eta John Kerryk agerraldia egingo dute, akordioaren berri emateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kubako eta Ameriketako Estatu Batuetako gobernuek Habanan eta Washingtonen enbaxadak irekitzeko akordioa iragarriko dute gaur, abenduaren 17an harreman diplomatikoak berriz abiatzea adostu eta gero.
Barack Obama AEBko presidenteak eta John Kerry Estatu idazkariak agerraldia egingo dute, iragarpena egiteko.
Enbaxadak irekitzea harreman diplomatikoak berriz abiatzeko bidean egindako urrats garrantzitsuena izango da.
Maiatzaren amaieran, Kuba terrorismoa sustatzen duten herrialdeen zerrendatik atera zuen AEBk.
Hemendik aurrera, baina, beste hainbat pauso eman beharko dituzte, hala nola giza eskubideen, migrazioen, bidaien eta, batik bat, blokeoaren arloetan.
Nolanahi ere, AEBk Kubari ezarritako blokeoa kentzea ezinezkoa izango da oraingoz. Izan ere, legez ezarrita dago Estatu Batuetan, eta errepublikanoak nagusi dira Kongresuan eta Senatuan.