Mundua -
20. urteurrena
Srebrenicako genozidioa: sendatu ez den zauria
Bosniarrak eta musulmanak zatituta daude, eta azken asteetan piztutako hainbat polemikek are gehiago larritu dute arazoa.
EFE | ERREDAKZIOA
Srebrenican tropa serbiar-bosniarrek 8.000 bosniar musulman hil eta 20 urtera, bi herri horiek zatituta daude oraindik, eta zauria sendatu gabe dago. Are gehiago, azken egunetan are gehiago larritu da, hainbat polemika piztu baitira.
Horietako bat Erresuma Batuak NBEko Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako proposamen baten ondorioz etorri da. Izan ere, genozidio hura gaitzestea eskatu dio erakundeari.
"Gizartea guztiz zatituta dago", aitortu du Mladen Ivanic Bosnia-Herzegovinako txandakako presidente serbiarrak.
Bosniar musulmanen ustez, gertatutakoa aitortzea bizikidetza bermatzeko modu bakarra da, baina, serbiar-bosniarren aburuz, horrek zauriak irekiko ditu.
Milorad Dodik Bosniako Serbiar Errepublikako (Bosnia-Herzegovinako Estatua osatzen duten bi herrialdeetako bat) presidenteak adierazi duenez, Erresuma Batuak aurkeztutako proposamenak serbiar herriari "erantzukizun sentimendu kolektiboa inposatzea" du helburu.
Dodikek ukatu egin du Srebrenicako sarraskia genozidioa dela, Nazioarteko Justizia Auzitegiak hala ebatzi badu ere, eta biktimen kopurua "manipulatu" egin dela uste du.
Beste iritzi bat du Bakir Izetbegovic Bosniako Presidentetzako kide musulmana: "Srebrenicako krimenaren egiak eta hori aitortzeak baino ez dute egonkortuko egoera".
Polemika honek are gehiago sakondu du herrialdeko musulmanen, kroaziarren eta serbiarren artean dagoen zatiketa. Bertan, gainera, gai etnikoak eztabaida politikoan elkarri erasotzeko erabiltzen dituzte politikariek.
Dena dela, hori ez da izan azkenaldian piztutako 'sute' bakarra. Duela hilabete, Naser Oric atxilotu zuten Suitzan, Serbiak eskatuta. Srebrenican tropa musulmanak zuzendu zuen komandantea da. Batzuentzat heroia eta erresistentziaren ikurra da; besteentzat, berriz, gerra-kriminala.