Mundua -

Maduroren iragarpena

'Mozal Legea' mundu osoko erakundeen aurrean salatuko du Venezuelak

Mariano Rajoyren Gobernuak berriki onartutako Herritarren Segurtasunerako Legea “munduko parlamentu guztietara” eramango du Venezuelak, Giza Eskubideak urratzen dituela argudiatuz.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren Gobernuak berriki onartutako Herritarren Segurtasunerako Legea “munduko parlamentu guztietara” eramango du Venezuelak, Nicolas Maduro presidenteak iragarri duenez. Helburua Legea erakundeen aurrean salatzea izango da, “Giza Eskubideak urratzen dituelako eta protestatzea debekatzen duelako”.

“Asanblea Nazionalak ahalik eta erakunde gehienetan salatuko du Rajoyren Mozal Legea”, esan du Madurok bere asteroko saioan. Diosdado Cabello Kongresuko presidenteak baieztatu egin du Legea salatu egingo dutela.

“Faxista den heinean, eta gure ahots askea erabiliz, Venezuelatik salatu egiten dugu Mozal Legea, Giza Eskubideak eta Nazio Batuetako gutuna urratu egiten dituelako”, berretsi du.

Lege horren eraginez, Espainian “protesta egitea” debekatuta dagoela nabarmendu du Madurok. “Rajoyk zuzendutako eskuin frankistaren ustelkeria eta kapital finantzarioaren diktadura gailendu da Espainian”, esan du.

Lege hori Venezuelan “zigor eta arau berdinekin” onartuko balukete, zer gertatuko litzatekeen galdetu du Madurok.

“Nola hartuko luke munduak guk horrelako lege bat izatea? Maduroren diktadura aipatuko lukete, eta beste hainbat gauza. Baina Espainiak onartu duenez, Rajoyren ultraeskuin frankistak onartu duenez, isil-isilik daude lege horren aurrean”, salatu du.

“Ez zuten Chavez isilaraztea lortu, eta ez naute ni isilduko”, berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mariano Rajoy