Mundua -
John Kerryren bisita
Haizeak AEBko bandera astinduko du berriro Kuban, 54 urte geroago
Uhartearen aurkako politikak eragindako kalteagatik AEBk Kubari milioiak zor dizkiola esan du Fidel Castrok artikulu batean. Kubako buruzagi ohiak 89 urte bete zituen ostegunean.
Agentziak | Erredakzioa
John Kerry AEBko Estatu idazkariak bisita historikoa egingo du gaur Kuban. Haizeak AEBko bandera astinduko du gaur berriro Habanan, 54 urte geroago. Garai berri baten ikurra da, eta ekitaldiak ikusmin handia sortu du. Kubatarrak itxaropentsu daude.
Azken orduotan, teknikari eta kazetarien joan-etorria etengabea izan da AEBko enbaxadaren inguruan, Habanako kai-muturrean. Unitate mugikorrak jarri dituzte inguruko kaleetan, AEBko bandera jasotzeko ekitaldia zuzenean jarraitzeko.
Prentsa-aretoa Hotel Nacional mitikoan jarri dute, enbaxadatik gertu. Kazetariek bertatik jarraituko dute zuzenean Kerryren agenda ofizial guztia, Habanako aireportura heltzen denetik; enbaxadan egingo duten zeremonia ofiziala eta Bruno Rodriguez homologoarekin eskainiko duen prentsaurrekoa, besteak beste.
500 bat berriemaile bilduko dira, eta atzerriko komunikabide askok ekitaldi horren berri bertatik bertara emateko espresuki bidali dituzte kazetariak; gehienak, Ameriketako Estatu Batuetakoak.
Enbaxadaren barruan, zeremonia ofiziala lorategian egingo dute Estatu Departamentuaren ikurrarekin jantzitako oholtzaren gainean. Kerryk hitzaldia emango du bertan, Larry Morris, Mike East eta Jim Tracy marineek 1961ean bandera jaitsi zuten hagaren alboan. 54 urte geroago, berriro altxatuko dute.
AEBk Kubari milioiak zor dizkiola esan du Fidel Castrok
Uhartearen aurkako politikak eragindako kalteagatik AEBk Kubari milioiak zor dizkiola esan zuen Fidel Castrok ostegunean argitaratutako artikulu batean. Kubako buruzagi ohiak 89 urte bete zituen Kerryren bisitaren bezperan.
Fidel Castro Kubako buruzagi ohia, Evo Morales eta Nicolas Maduro Bolivia eta Venezuelako presidenteekin. Argazkia: EFE
?Errealitatea eta ametsak? izeneko artikuluan, ?azalaren kolorea edo jaioterria kontuan izan gabe?, ?bakearen eta gizaki guztien ongizatearen aldeko borrokan? sekula etsiko ez duela adierazi zuen Fidel Castrok.
Washingtonekin hasi berri duten garai berria eta Kerryren bisita ez zituen aipatu Fidel Castrok artikuluan. Baina Bigarren Mundu Gerran Japoniaren aurka bonba atomikoa jaurti ondoren, ?hildakoz, zaurituz eta gosetiz beteriko mundu birrindu batean?, AEB ?Lurreko herrialderik aberatsena eta armatuena? izatera pasatu zela azpimarratu zuen Kubako buruzagi ohiak.