Mundua -

Monetaren debaluazioa

Txina, dibisen gerra edo gainbehera, ekonomiaren pizgarri?

Yuanak bat-batean balioa galdu du eta horrek mundu osoko inbertitzaileak izutu ditu. Hazkundea moteldu ondoren, munduko ekonomian lortu nahi duen tokia arriskuan ikusten du Txinak.

Bezero bat 100 yuaneko billete ateratzen Pekingo denda batean. Argazkia: EFE
Bezero bat 100 yuaneko billete ateratzen Pekingo denda batean. Argazkia: EFE
Bezero bat 100 yuaneko billete ateratzen Pekingo denda batean. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Banku Zentralak bat-batean yuana debaluatzea erabaki du aste honetan. Mundu guztiko inbertitzaileak ikaratu ditu erabakiak. Dibisen gerra baten hasiera edo esportazioak merkatzeko eta ahultzen hasi den ekonomia bat bultzatzeko maniobra bat ote den ez dago argi oraindik.

Hazkundea moteldu ondoren, munduko ekonomian lortu nahi duen tokia arriskuan ikusten du Txinak. Asiako erraldoiaren hazkundea bi digitukoa izan da azken urteetan.

Ostegunean, hirugarren aldiz jarraian, kanbio-tasa debaluatu zuen Txinako Bankuak: 6,401 yuan dolar bakoitzeko, asteazkenean baino % 1,11 gutxiago.

Protagonismo handiagoa nazioartean

Yuana Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) Special Drawing Rights (SDR) zerrendan sartzea nahi du Txinak aspalditik. Horrela, munduko ekonomian Asiako erraldoiaren eragina areagotu nahi dute agintariek, John J. Hardy Saxo Bank bankuko dibisen estrategia buruzagiak azaldu duenez.

SDR osatzen duten dibisen zerrenda berriz aztertuko du NDFk urte bukaeran. Orain arte yuanari ateak itxi dizkio nazioarteko erakundeak, gorabehera gutxi dituela argudiatuta. Ustekabeko debaluazioak, ostera, erabakia aldatzea eragin lezake.

Yuana mundu mailan trukerako diru nagusietako bat izatea nahi du Txinak, nazioartean protagonismo handiagoa lortzeko.

Atzerriko kapitala erakarri

Gainera, mugimendu honekin bere merkatua zabaldu eta atzerriko kapitala erakartzea espero du Pekinek. Aldi berean, diru indartsuegia zuzendu nahi du eta esportazioei mesede egiten die, ekonomiaren zenbaki ofizialek dioten bezain ongi ez doala bistakoa denean; izan ere, hazkundea moteldu egin da.

NDFren hitzetan, yuanaren debaluazioa dibisen merkatua malgutzeko eta irekitzeko “pauso ona” da, baina eragina etorkizunean ikusiko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina albisteak