Mundua -
Txina
Dagoeneko 112 dira Tianjinen izandako leherketaren ondorioz hildakoak
Beste 95 gizabanako desagertuta daude, gehienak suhiltzaileak izanik (85). Agintariek ezeztatu egin dute 3 kilometroko inguruan dauden bizilagun guztiak ebakuatzea agindua eman dutenik.
Agentziak | Erredakzioa
Agintariek egindako azken balantzearen arabera, gutxienez 112 pertsona hil dira orain arte joan zen asteazkenean Tianjin (Txina iparraldea) herriko portuan kokatuta dagoen industrialde batean jazo zen leherketaren ondorioz. Halaber, beste 95 gizabanako desagertuta daude, gehienak suhiltzaileak izanik (85). Horrez gain, 722 lagun ospitalera eraman behar izan zituzten; horietako 58 egoera kritikoan edota larrian larri jarraitzen dute.
Produktu kimiko toxikoak gordetzeko erabiltzen zuten biltegi batean gertatu zen eztanda, eta suntsiketa handiak eragin zituen inguruko hainbat kilometrotan. Hondamendia handia izan arren, desagertuta zegoen 19 urteko suhiltzaile bat bizirik topatu dute.
Beste pertsona bat ere bizirik
Bestalde, 50 urteko gizonezko bat bizirik erreskatatu dute larunbat honetan, leherketa izandako gunetik 50 metrora. Ostegunetik bizirik aurkitu duten lehen norbanakoa da. Aldi berean, Txinako agintariek 3 kilometroko inguruan dauden bizilagun guztiak ebakuatzea agindu dute, kutsadura kimikoa gertatzeko arriskuaren beldur baitira, oraindik ere ez dutelako argitu zein zen lehertu ziren edukiontzien eduki zehatza.
Zentsura sare sozialetan
Txinako agintariek jakinarazi dutenez, sare sozialetako 360 kontu eten edo itxi dituzte, asteazkenean izandako leherketen gaineko zurru-murruak zabaltzeagatik, gertatutakoari buruzko argibideak eskatzearekin batera.