Mundua -
Virginian
Kazetari bat eta kamera-operadorea hil dituzte telebistan, zuzenean
Elkarrizketatzen ari ziren emakumea, zaurituta. Erasotzaileak bere buruaz beste egin du, Poliziak inguratu duenean, nahiz eta bizirik eraman duten ospitalera.
Agentziak
CBS telebista-kate baten filial bateko kazetari bat eta kamera-operadore bat hil dituzte tiroz gaur, asteazkena, zuzeneko konexioa egiten ari zirela, Moneta hirian, Virginiako estatuan, enpresak berak zabaldu duenez. Erasotzaileak, telebista kateko langile ohiak, bere buruaz beste egin du harrapatu dutenean.
WDBJ7 kateak baieztatu egin du Alison Parker (24 urte) eta Adam Ward (27) hil egin direla tiroketan. Gertaera 6:45ean (bertoko ordua) jazo da, Bridgewater Plazan.
Terry McAuliffe Virginiako gobernadoreak asteazken honetan esan duenez, kazetariei eraso egin dien gizona kateko langile ohia da, gogaituta legokeena, CBSren eskumendeko baten arabera.
Bestalde, bi kazetariak elkarrizketatzen ari ziren emakumea ere zauritua izan da, eta ebakuntza ari zaie egiten, WDBJ7 irratiak jakitera eman duenez.
Bere buruaz beste
Vester Lee Flanaganek, bi kazetarien hiltzaileak, bere buruz beste egiten saiatu da segurtasun indarrek inguratzea lortu dutenean, baina bizirik eraman ahal izan dute ospitalera. Hala ere, bertan hil da.
Erasoa egin duen lekutik hiru bat ordura dagoen errepide batean aurkitu dute susmagarria. Polizia gizonaren autoa gelditzen saiatu da, baina horrek azeleragailua zapaldu eta istripua izan du. Orduan, Polizia autora joan da eta gizonak bere buruari tiro egin diola ikusi du.
Bizirik eraman dute bertatik, baina ospitalean hil da zaurien ondorioz.
Bideoa
WDBJ7 kateak baieztatu du Flanagan kazetari lanak egiten aritu zela bertan, baina Bryce Williams izenpean. Hain zuzen ere izen horrekin dituen sare sozialeko kontuen bitartez argitaratu du Alison Parkerren eta Adan Warden hilketaren bideoa.
Faxa ABC Newsi
Bestalde, ABC News telebista kateak jakinarazi duenez, Flaniganek fax bat bidali die erasoa egin aurretik.
Bryce Williamsen izenean bidali die faxa, baina ez dute azaldu zer zioen 23 orriko dokumentuan.