Mundua -
Jatorrizko izena
McKinley mendiak, AEBko altuenak, bere izena berreskuratu du: Denali
Erabaki horrekin, Obamak aspaldi piztutako polemika itxi nahi du. Denali da bertako jatorrizko herritarrek jarri zioten izena, eta "Mendi Handia" esan nahi du.
agentziak | erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak herrialdeko mendi altuenaren izena, McKinleyrena, aldatuko du gaur, eta Denali jarriko dio izen ofizial gisa, bere jatorrizko izena. Hala, amaiera eman nahi dio aspaldi piztutako polemika bati.
1896an jarri zioten McKinLey izena mendiari, inguru horretan urrea bilatzen aritu zen William McKinleyren omenez. AEBko presidente izan zen urtebete geroago.
Hala eta guztiz ere, bertako indiarrek Denali ("Mendi Handia" esan nahi du) izena jarri zioten lehenago, eta izen hori ofizialki onartu zuen Alaskako estatuak 1975ean. Ordutik, estatuak presioa egin dio Washingtoni gauza bera egin zezan. Baina Alaskaren saiakerak oztopatu ditu Kongresuak, Ohioko diputatuek AEBko 25. presidentearen omenezko izenari eutsi nahi baitzioten.
Klima aldaketaren kontrako borrokaren keinu gisa saldu nahi du Etxe Zuriak izen aldaketa, hori baita Obamak kargua uzten duenean utzi nahi duen ondarea.
Presidenteak glaziarra bisitatuko du aste honetan, eta bertako jatorrizko herritarrekin elkartuko da.