Mundua -
GERTAKARIA
Gizonezko bat atxilotu dute, Parisko sutea eragin duelakoan
Frantziako Gobernuaren arabera, baliteke sutea nahita piztutakoa izatea. Zortzi lagun hil dira sutean, bi adin txikikoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez zortzi lagun hil dira bart Parisko Goutte d’or auzoan izandako sute batean. Bost solairuko eraikin batean piztu da sua goizaldean, eta Frantziako Gobernuak, jada, aurreratu duenez, baliteke "ekintza kriminal bat" izatea. Pertsona bat atxilotu du Frantziako Poliziak, sutea eragin duelakoan.
Bernand Cazeneuve Frantziako Barne ministroa ezbeharraren lekura joan da, Anne Hidalgo Parisko alkatearekin batera, eta bertan hedabideen aurrean esan duenez, zortzi pertsona hil dira eta lau bizilagun "nahiko larri" daude.
Europe 1 irrati-katean egindako elkarrizketan, berriz, Barne ministroak aurreratu du nahita piztutako sutea izan den zantzuak diztuztela. Dena dela, zuhurtzia eskatu du, ikerketaren emaitzak jaso arte. Droga-trafikoarekin lotutako kontu garbiketa izan daitekeen galdetuta, Cazeneuvek ez du horren inguruan azalpenik eman, informaziorik ez duela argudiatuta.
Sua itzaltzeko lanetan parte hartu duten suhiltzaileen lana goraipatu du, "lan zaila" izan delako. Ehun bat suhiltzaile aritu dira zeregin horretan, eta bizitza asko salbatu dituzte, ministroaren esanetan. Eraikina kiskali egin da, eta orain gutxi berrituta zegoen.
Bi aldiz piztu da sua eraikin berean, eta horregatik uste du Poliziak nahita piztutakoa izan dela. 02:23 inguruan jaso dute lehen abisua suhiltzaileek. Eraikineko eskaileren zuloan paper batzuk erretzen ari ziren, beheko solairuan, eta berehala itzali dute sua, ia kalterik eragin gabe.
Bi ordu geroago, 04:30 inguruan, berriro jaso dute deia, leku berean sua piztu delako. Ordurako, baina, sugarrak ia eraikin osoan zabalduta zeuden, eta kalteak handiak ziren.
Hildako zortzi lagunen artean, gutxienez bi adingabe daudela baieztatu du Poliziak. Lehen informazioen arabera, sei lagun suak harrapatuta zendu dira, eta bi, sutetik ihesi, leihotik behera salto egin ondoren. Ikerketa abiatu du Frantziako Poliziak, sua nola piztu den jakiteko.
François Hollande Frantziako presidenteak elkartasuna adierazi die sutean kaltetutakoei eta horien senitartekoei, txalotu egin du suhiltzaileen lana, eta gertatutakoa argitzeko ahalegin guztiak egingo dituztela ziurtatu du.