Mundua -
Venezuela - Kolonbia
Madurok mugako beste pasabide bat ixtea erabaki du
Venezuelako Gobernuak Paraguanchongo mugako pasabidea itxi du, Zulia estatuan, eta 3.000 soldadu bidali ditu ingurura.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Venezuela eta Kolonbia arteko mugako beste pasabide bat ixtea agindu du, hain zuzen ere, Zulia estatuan dagoen Paraguanchongo mugako pasabidea. Maduroren hitzetan, kontrabandoaren eta indarkeriaren kontrako borrokan "aurrerapausoak ematen" jarraitzeko hartu du erabakia. Halaber, salbuespen-egoera ezarri du mugako hiru estatutan.
"Muga berria eraikitzeko diagnosi zehatz baten ondotik, Paraguachongo mugako pasabidea, Zulia estatuan, ixtea erabaki dut, kontrabandisten kontrako borrokan aurrerapausoak emateko", adierazi du Madurok.
Miraflores Presidentetza jauregian egindako Ministro Kontseiluan eman du erabakiaren berri Venezuelako presidenteak, eta "Zuliako herria defendatzeko" ingurura 3.000 soldadu bidaliko dituela gaineratu du.
Abuztuaren 19an, Venezuela eta Kolonbia arteko Tachirako mugako pasabidea itxi zuen, eta salbuespen-egoera ezarri zuen bertan bi egun geroago, patruila venezuelar batek erasoa jasan ondoren. Gobernuak kontrabandistei eta paramilitar kolonbiarrei egotzi die erasoa.
OCHA Giza Laguntza Koordinatzeko Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, 1.355 kolonbiar aberriratu dituzte eta 15.000 herritarrek Kolonbiara itzultzea erabaki dute.