Mundua -

Krisi politikoa

Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroak dimisioa eman du

IRAko kide ohien ustezko ekintzak ezagutzera eman ondoren hartu du erabakia Robinsonek. Gobernuan krisia eragin du dimisioak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroak eta Gobernuko beste ministro batzuek dimisioa eman dute gaur, Irlandako Armada Errepublikakoko (IRA) kide ohien ustezko ekintzak ezagutzera eman ondoren. Robinson Alderdi Unionista Demokratikoko (DUP) buruzagia da.

Jarduneko lehen ministroa Arlene Foster Ekonomia ministroa izango dela zehaztu du Robinsonek prentsaurrekoan. “Abertzaleek eta errepublikanoek Ipar Irlandari kalte egingo dion erabakirik ez hartzeko” izango da Foster jarduneko lehen ministro, Robinsonen esanetan.

Unionisten eta errepublikanoen Gobernu autonomoan krisia eragin du Robinsonen dimisioak, baina erakundeek lanean jarraituko dute.

IRAko kide ohiek abuztuan egindako hilketa batean nahasita dauden argitu bitartean, Asanblada (legegilea) bertan behera uztea nahi zuen lehen ministroak, baina Gobernuko kideek aukera hori errefusatu dute.

Alderdi Sozial Demokrata eta Laborista (SDLP), Sinn Fein eta Ulsterreko Alderdi Unionista (UUP) Parlamentu autonomoa bertan behera uzteko mozioaren kontra agertu dira gaur egindako botazioan.

Bobby Storeyren atxiloketa

Kevin McGuigan IRAko kide ohiaren hilketarekin zerikusia dutelakoan, hiru gizon atxilotu zituen Ipar Irlandako Poliziak asteazkenean, besteak beste, Bobby Storey Sinn Feineko politikaria.

Gerry Adams Sinn Feineko presidentearen hitzetan, UUP eta DUP alderdi unionisten arteko hauteskunde-lehia krisi politikoa eragiten ari da Ipar Irlandan, eta zalantzan jarri du Storey atxilotzeko frogarik egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea