Mundua -
Errefuxiatuen drama
Kontsul frantziar bat zigortu dute errefuxiatuei kanoak saltzeagatik
Kamera ezkutuarekin egindako telebista-erreportaje batek salatu duenez, François Olcayk plastikozko kanoak eta salbamendu-jakak saltzen zizkien errefuxiatu siriarrei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziak Turkian duen ohorezko kontsul bati kargua kentzeko agindu du Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak, Greziako uharteetara joateko errefuxiatu siriarrei kanoak saltzearekin lotura duelakoan.
France 2 telebista-kateak kamera ezkutuarekin egindako erreportaje batek salatu duenez, François Olcayk plastikozko kanoak eta salbamendu-jakak saltzen zizkien Europara bidaiatu nahi zuten errefuxiatu siriarrei. Erreportaje hori emititu ostean hartu du erabaki hori Atzerri ministro frantziarrak.
Olcay ohorezko kontsula zen 2014ko urriaz geroztik, eta itsasoarekin lotutako produktuak saltzen ditu bere dendan, Bodrum udalerrian, Turkian, Kos uharte greziarretik oso gertu.
Mundu osoa sumindu duen Aylan Kurdi haurraren hilotza Bodrumeko hondartzan, hain justu, agertu zen.
Errefuxiatuei salbamendu-jakak eta ontziak saltzen dizkiela aitortu du ohorezko kontsulak erreportaje hartan, eta tokiko agintariek ere pertsona-trafikoa errazten dutela gaineratu du.
"Alde egitea ezin diegu galarazi. Eta guk ez badizkiogu saltzen, ondokoak salduko dizkio", esan du 'France 2' katearen erreportajean.