Mundua -

Errakuntza tragikoa

Egiptoko segurtasun indarrek Mexikoko 12 turista hil dituzte

Poliziak eta Armadak turisten ibilgailuak terroristekin nahastu dituzte. Mexikok ikerketa sakona eskatu du gertatutakoa argitzeko.

Turista zaurituak Egiptoko ospitale batera eraman dituzte. Argazkia: EiTB
Turista zaurituak Egiptoko ospitale batera eraman dituzte. Argazkia: EiTB
Turista zaurituak Egiptoko ospitale batera eraman dituzte. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko segurtasun indarrek akats bat egin dute, eta gutxienez Mexikoko 12 turista hil eta beste 10 zauritu dituzte, Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Antza denez, turisten ibilgailuak terroristen ibilgailuekin nahastu dituzte.

Poliziaren eta Armadaren patruila bateratu bat “terroristei” segika ari zen mendebaldeko eskualdean, basamortuan, gauerdian Ministerioak kaleratu duen agiriaren arabera. Inguru hartan sartzea debekatuta dago.

Zer gertatu den eta biktimak inguru debekatuan zergatik zeuden argitzeko ikerketa bat abian jarri dutela jakinarazi du Barne Ministerioak agirian.

Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak erasoa gaitzetsi eta atsekabe handia azaldu du. “Gure herritarren aurkako erasoa gaitzesten du Mexikok eta ikerketa sakona eskatu dio Egiptoko gobernuari”, adierazi du buruzagiak Twitter sare sozialean.

Egiptoko eskualde horretan bidaia turistikoak antolatzen dituzte oasiak bisitatzeko, baina azken urteetan ibilbidea mugatu egin dute segurtasun arrazoiengatik.

Kontrolik gabeko basamortua

Eskualdea Libiako mugatik gertu dago eta horrek armen trafikoa erraztu du. Egiptoko agintariek orain arte ezin izan dute eskualdea kontrolatu. Segurtasun indarren aurkako erasoak gertatu dira bertan.

Egiptoko segurtasun indarrak talde islamiko erradikalen aurkako borrokan ari dira. Erradikalak Sinaiko penintsulan ezkutatzen dira batez ere. 2013ko uztailean gertatutako estatu-kolpearen ondoren talde horien ekintzak areagotu egin dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egiptoko albisteak