Mundua -
Eztabaida telebistan
Tsiprasek eta Meimarakisek erreskatea betetzea bilatuko dute
Datorren igandeko hauteskundeak irabaziz gero, zintzilik geratzen diren baldintzak hobetzeko negoziatuz erreskatearen eragin negatiboa orekatzen saiatuko dela ziurtatu du Syrizako buruzagiak.
Agentziak | Erredakzioa
Alexis Tsipras ezkertiarrak eta Vangelis Meimarakis kontserbadoreak telebistako eztabaida batean parte hartu zuten astelehenean. Biek helburu bera dutela agerian utzi zuen eztabaidak: Greziarentzako erreskate programa aplikatzea, baina kutsu desberdinarekin.
Datorren igandeko hauteskundeak irabaziz gero, zintzilik geratzen diren baldintzak hobetzeko negoziatuz erreskatearen eragin negatiboa orekatzen saiatuko dela ziurtatu zuen Syrizako buruzagiak. Besteak beste, bankuetako zor berankorrak, lan-harremanak edo pribatizazio funtsaren arazoak aipatu zituen Tsiprasek.
Bestalde, nekazarien baldintzak hobetzeko xedea azaldu zuen Vangelis Meimarakis Demokrazia Berriaren bitarteko presidenteak. Aurreneko superabita lortzen denean zergak jaisteko borondatea agertu zuen Meimarakisek.
Igandeko hauteskundeei begira buruz buruka egiten den bigarren eztabaida izan zen astelehenekoa, baina aurrena bi aurkari nagusien artean.
Meimarakisek Tsipras gogor kritikatu zuen. Greziako ekonomia suntsitzea leporatu zion kontserbadoreak ezkertiarrari, baina koalizio handi bat osatzeko eskua luzatu zion berriro.
Bestalde, Meimarakisek Greziari zorra eta defizita ekarri zion alderdi bat ordezkatzen duela adierazi zuen Tsiprasek. Demokrazia Berriarekin elkarlanean aritzearen aurka agertu zen berriz agintari ezkertiarra. Meimarakisekin aldeak “oso handiak” direla goraipatu zuen.
Hanka-sartzeak egin dituela onartu zuen Tsiprasek, baina hartzekodunekin izandako borrokaz “harro” azaldu zen. Syrizako buruzagiaren ahotan, borroka horren mezua oso garrantzitsua da aldaketaren indarrentzat Europan.
Errefuxiatuen krisiak eztabaida berotu zuen
Errefuxiatuen krisiak eztabaida berotu zuen. Azken urteetako jarrera moderatua alde batera utzi zuen Meimarakisek, eta iraganeko diskurtso kontserbadoreari eutsi zion.
Etorkin eta errefuxiatuen etorrera mugak zabaltzeko politika liberalak ekarri duela azaldu zuen buruzagi kontserbadoreak, eta horren erantzukizuna Tsiprasek duela gaineratu zuen. Siriako gerra zibila munduaren arazo bat dela erantzun zion Syrizako buruzagiak. Zentzu horretan, irtenbide bat bilatzeko Greziako Gobernuak eta Italiakoak Europari presioa egin ziotela gogorarazi zuen.
Metros Analysis egindako eta Ant1 telebista pribatuak argitaratutako inkesta baten arabera, Syriza eta Demokrazia Berria berdinduta daude (% 31,6) igandeko hauteskundeei begira.