Mundua -
Errefuxiatuen drama
'Terroristei laguntzeari uztea' eskatu dio Al Assadek Europari
"Europarrak errefuxiatuen egoerarekin kezkatuta badaude, terroristei laguntzeari utz diezaiotela”, ohartarazi du Siriako presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bashar al Assad Siriako presidenteak adierazi duenez, Europar Batasunak "terroristei laguntzeari utzi beharko dio errefuxiatu uholde" galarazi nahi badu".
Errusiako hedabideek aurreratutako elkarrizketa batean, Al Assadek esan du "gakoa" ez dela "Europak errefuxiatuak hartu edo ez", baizik eta "arazoaren jatorria konpontzea". "Europarrak errefuxiatuen egoerarekin kezkatuta badaude, terroristei laguntzeari utz diezaiotela”, ohartarazi du.
Al Assad Siriako herritarrei ere zuzendu zaie, eta "terrorismoaren aurkako borrokarekin bat egiteko" deia egin die, "hori baita helburu politikoak lortzeko bidea, elkarrizketaren eta prozesu politiko baten bitartez".
"Siriar bati zer nahi duen galdetzen badiogu, horren lehen erantzuna zera izango da: segurtasuna eta egonkortasuna denontzat", esan du. Horregatik, "alderdi politiko guztiek" bat egin beharko luketela iritzi dio.
Gaur goizean, Errusiak Siriako Gobernuari laguntzen jarraituko duela iragarri du Vladimir Putin herrialde horretako presidenteak.