Mundua -
Kuotak
Errefuxiatuak banatzeko eztabaida gaur jarraituko du EBk
Bestalde, hasiera batean aurreikusitakoa baino 15.000 errefuxiatu gehiago hartuko dituzte Ameriketako Estatu Batuek 2016an, eta guztira 100.000 hartuko dituzte 2017an.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko estatu kideen enbaxadoreek bilera egin zuten igandean, Europako Batzordeak proposatutako kuoten sistema adosteko. Helburua 120.000 errefuxiatu banatzea zen, baina ez zuten akordiorik lortu. Honenbestez, gaur jarraituko dute horren inguruan hitz egiten.
EBko Presidentetzaren iturriek zehaztu dutenez, ?eztabaidatzeko zenbait gai? geratzen dira oraindik. Elkarrizketak astelehen honetan jarraituko du, konpromiso batera heltzeko ahaleginean; izan ere, asteartean Barne Ministroen ezohiko kontseilua egin behar dute, eta Europako buruzagiek beste bilera bat egingo dute asteazkenean.
Jean Asselborn Luxenburgoko Atzerri ministroak azaldu duenez, gaur hitz egingo du errefuxiatuen banaketaz Vixegradeko taldea (Polonia, Hungaria, Eslovakia eta Txekiar Errepublika) osatzen duten homologoekin, eta baita Errumaniarekin eta Letoniarekin ere.
Vixegradeko herrialdeekin, Errumaniarekin eta Letoniarekin egoeraren balantzea egingo du Asselbornek. Hungaria, Italia eta Greziara heldu diren 120.000 asilo eskatzaileak banatzeko Europako Batzordeak egindako proposamenaren aurka agertu dira denak.
Bitartean, mugetako kontrolak aldi baterako berrezarri dituzte Alemaniak, Austriak eta Esloveniak (salbuespen-neurria da, baina Schengengo Itunaren araudian aurreikusita dago), eta Hungariak bere migrazio politika gehiago zorroztu du eta Kroaziako mugan txarrantxa hesi bat eraikitzen hasi da.
Gainera, errefuxiatuak hartzen jarraitzeko gaitasun gehiagorik ez duela ohartarazi du Kroaziak. Horrela, Ekialde Hurbileko herrialdeetatik datozen ehunka errefuxiatu autobusez Hungariara eramaten hasi da.
AEBk errefuxiatu gehiago hartuko ditu
Bestalde, errefuxiatuak hartzeko muga gorago jarri du John Kerry AEBko Estatu idazkariak, Berlinen egindako adierazpenen arabera.
Hasiera batean aurreikusitakoa baino 15.000 errefuxiatu gehiago hartuko dituzte Ameriketako Estatu Batuek 2016an, eta guztira 100.000 hartuko dituzte 2017an, Kerryk iragarri duenez.