Mundua -
Bake-prozesua
Ikusmina Kolonbian, gatazkaren amaiera iragar lezaketelako gaur gauean
Kolonbiako presidenetak eta FARCeko buruak justiziari buruzko akordio bat iragarriko dute, baina baliteke behin betiko bake akordioa ere iragartzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egun historikoa Kolonbian. Juan Manuel Santos herrialde horretako presidenteak eta Rodrigo Londoño, Timochenko, FARCeko buruak akordio garrantzitsua iragarriko dute gaur.
Hain zuzen ere, trantsizio justiziari buruzko akordio bat iragarriko dute, hau da, gatazkan delituak egin dituztenak auzipetzea ahalbidetuko duen mekanismoa. Bake-prozesuan hizpide izan duten gai delikatuena izan da.
Caracol Radioren arabera, aldeek auzitegi berezi bat sortuko dute, eta gerrillariek ez dituzte espetxeetan beteko kondenak, baizik eta nekazaritza kolonietan.
Dena dela, baliteke hori ez izatea iragarpen bakarra. El Tiempo egunkari kolonbiarrak aurreratu duenez, Santosek eta Timochenkok gatazka behin betiko bukatzeko akordioa sinatzeko data ere iragarriko dute.
FARCek bidalitako txioa; Timochenko agertzen da bertan, Habanan jada
50 urte iraun du Kolonbiako Armadaren eta FARCen arteko gerrak, eta 300.000 pertsona inguru hil dira horretan.
Iragarpenaren garrantziaren erakusle, Raul Castro Kubako presidenteak ere hartuko du parte iragarpenean. 17:00etan egingo (23:00ak, Euskal Herrian) dute, baina oraindik ez dago argi Santos eta Timochenko batera agertuko ote diren hedabideen aurrean. Hori bai, elkarrekin bilduko dira, lehen aldiz.
FARCeko buru batekin bildu zen lehen presidentea Andres Pastrana (1998-2002) izana zen. Manuel Marulanda, Tirofijo, gerrillaren sortzailearekin batzartu zen, porrot egin zuen bake-prozesu baten baitan.
Kubako Gobernuaren eta FARCen arteko bake negoziazioak duela hiru urte hasi ziren, eta Habana dute egoitza.
Oraingoz behin betiko su etena adostu ez bada ere, FARCek tregoa bat iragarri zuen uztailaren 20an, eta egun indarrean dago oraindik. Horren ondorioz, Santosek ere bonbardaketak etetea agindu zion Armadari.