Mundua -
AEB-Kuba
Obamak erreforma gehiago eskatu dizkio Castrori, blokeoa arintzeko
Bere aldetik, blokeoa kentzeko "ezer adierazgarririk" egin ez izana leporatu dio Castrok Obamari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barack Obama AEBko presidenteak "erreforma" gehiago egiteko deia egin dio Raul Castro Kubako buruari, blokeoa "arintzeko", Etxe Zuriak azaldu duenez.
Bi agintariak NBEren egoitza nagusian bildu dira gaur, New Yorken.
Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramailearen esanetan, Obamak "berretsi" egin du Kubako giza eskubideak hobetzeko "konpromisoa", herrialde horretako Gobernuak esparru horretan lan egin dezan.
Bileran, bi herrialdeen arteko harremanak normaltzeko prozesuan emandako azken "aurrerapausoak" izan dituzte hizpide, eta zer neurri gehiago har ditzaketen ere aztertu dute, “lankidetza sakontzea” helburu.
Bestalde, Bruno Rodriguez Kubako kantzelariak azaldu duenez, Castrok blokeoa arintzea eskatu dio Obamari, harremanak normaltzeko prozesuan aurrera egin nahi badu.
Izan ere, orain arte, Obamak "ez du ezer adierazgarririk egin" zeregin horretan, eta egindakoa "ez da batere sakona izan".