Mundua -
Tiroketa
Hamar pertsona hil dituzte AEBko unibertsitate batean, tirokatuta
Sarraskiak AEBetan “errutina” bihurtu direla deitoratu du Obamak. Poliziak ustezko tiratzailea hil egin du. Zazpi bat pertsona zaurituta daude. Umpqua Community College zentroan jazo da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hamar pertsona hil dituzte tirokatuta, Oregoneko (AEB) Umpqua Community College unibertsitatean. Zazpi bat lagun zaurituta daude eta Poliziak ustezko erasotzailea hil egin du.
Gertakaria 10:40 inguruan (AEBetako ordua) jazo da. Gazte bat, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko, tiroka hasi da unibertsitateko kanpusean. Guztira, 16.000 ikasle ditu unibertsitateak, horietako 3.300 bertan bizi direlarik.
"Eztanda baten antzeko zarata bat entzun dut, klasera bidean nindoala; ezinezkoa da norbait tiroka ari dela pentsatzea", azaldu du Courteny Rennie 23 urteko ikasleak.
Korteney Moore 18 urteko ikasleak, berriz, klasean zegoela ustezko erasotzailea sartu dela kontatu du. Antza, guztiei zutuntzeko agindu eta zein erlijiotakoak diren esateko exijitu die.
Poliziaren arabera, gertakariaren berri izan eta berehala bertaratu dira unibertsitatean. Tiratzailearen bila hasi dira eta aurkitu dutenean hil egin dute.
Poliziak eraikina hustu du, lehergailuak egon zitezkeelakoan. Erasotzaile bat baino gehiago izan ote den baztertzeko goizegi dela esan dute, ikerketa hasi besterik ez delako egin.
Barack Obama AEBetako presidentea Oregoneko sarraskia gertatu ondoren. Argazkia: EFE
Sarraskiak "errutina" bihurtu direla salatu du Obamak
Armekin egindako sarraskiak AEBetan "errutina" bihurtu direla deitoratu du Barack Obama presidenteak. Oregonen gertatutakoa "herrialde aurreratuetan" ohikoa ez dela berriro esan du agintariak.
"Nolabait ere, ohikeria bihurtu da, informazioak errutina dira, nire erantzuna agertoki honetatik errutina da, eta baita ondorengo elkarrizketa ere", salatu du adierazpen ironiko eta gogor batean, Etxe Zurian.
"Errezoak ez dira nahikoak"
Biktimengatik otoitz egitea " nahikoa ez" dela azpimarratu du Obamak. AEBetako indarkeria armatuarekin amaitzeko ikuspuntu politikotik arazoari eustea beharrezkoa dela erantsi du buruzagiak.
"Hau erabaki politiko bat da. AEBetan ia hilero hau gertatzea. Maite dituzten senideak galdu dituzten pertsona horien aurrean erantzukizun kolektiboa gurea da, gure moteltasunagatik", nabarmendu du Obamak haserre.
Indarkeria armatuaren arazoa arma gehiagorekin konpontzen dela uste duenik oraindik badagoen ironiaz galdetu du presidenteak. Zentzu horretan, arma gutxi erabiltzen dituzten estatuetan biktima gutxiago daudela gogorarazi du Obamak.