Mundua -
Gaixotasun hilgarria
Klamidiarekin bukatzeko, koalak hiltzea proposatu dute Australian
Klamidiak ugaltzeko gaitasunik gabe utzi eta pixkanaka-pixkanaka animaliak hiltzen ditu. Gaixotasun larriari aurre egiteko, sarraski baten alde agertu dira zientzialariak.
Agentziak | Erredakzioa
Klamidia koalen eritasun hilgarriari aurre egiteko, horien sarraskia egitea proposatu dute Australiako zientzialariek, bertako komunikabideek gaur argitaratu dutenez. Gaixotasun larri horrek ugaltzeko gaitasunik gabe utzi eta pixkanaka-pixkanaka hiltzen ditu koalak. Koalen populazioak nabarmen egin du behera klamidiaren eraginez.
“Gaixotasuna hasierako fase batean duten koalei lagundu eta larri daudenak akabatu behar dira, ezinezkoa baita antibiotikoekin sendatzea; azkenean koalen kopuruak gora egitea ekarriko du horrek”, adierazi du David Wilson Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko ikertzaileen buruzagiak.
Ikerketa batek ehunka simulazio azterketa egin ditu Moreton badiako koalen populazioan, Australia ipar-ekialdean. Klamidiak jotako koalek tratamendua jaso zuten, eta bizirik ateratzeko aukerarik ez duten aleen sarraski sistematikoa egiteko aukera aztertu zuten.
“Lau urteren buruan klamidia ezabatzeko aukera handiak ematen ditu sarraskiak”, The Australian egunkariak gaur argitaratutako ikerketaren arabera. Aurretik, Journal of Wildlife Diseases aldizkari zientifikoak jazo zuen horren berri.
Populazioak lau urtean egingo luke gora
Sarraskiarekin populazioak behera egingo luke berehala, baina lau urteren buruan aurreko hamarkadan izandako ale kopurua berreskuratuko litzateke, ikerketa horren emaitzarik onenek aurreratu dutenez.
Koala basatiak ehunka mila direla diote zenbaketa batzuek, baina beste batzuek 40.000 bat baino ez direla azpimarratu dute. Hala ere, aleen kopuruak behera egiten jarraitzen du etengabe, klima-aldaketaren, lehortearen eta klamidiaren ondorioz.
Bakterioak lesioak eragiten ditu koalen sexu-organoetan eta begietan, eta ugaltzeko gaitasunik gabe eta itsu uzten ditu. Eritasunak heriotza eragiten die pixkanaka-pixkanaka.