Mundua -
Urakana
'Patricia' Mexikon sartu da, baina aurreikusitako suntsipena gabe
5. mailako urakan moduan ukitu du lurra, baina 2. mailara jaitsi da orduek aurrera egin ahala. ''Alerta maila ez jaistea'' eskatu du Enrique Peña Nietok.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Patricia urakana Mexikora iritsi da, baina aurreikusitako suntsipena gabe. 5. mailako urakan moduan ukitu du lurra, baina 2. mailara jaitsi da orduek aurrera egin ahala. Oraingoz ez du utzi biktimarik ezta kalte larririk ere.
Edonola ere, ''alerta maila ez jaistea'' eskatu du Enrique Peña Nieto presidenteak. "Oraindik erne egon behar dugu. Urakanaren unerik arriskutsuena oraindik iristear da. Mexikoko gizarteari eskatzen diot agintarien abisuei jarraitzea'', esan du presidenteak.
''Inoizko bortitzena''
Patriciak 325 kilometro orduko haizeak ditu, eta, ondorioz, "inoiz jazotako urakan indartsuena" da.
"Planeta osoko historian ez da izan 325 kilometro orduko haizeak izan dituen urakan bat", azaldu du Roberto Ramirez Uraren mexikar Batzorde Nazionaleko zuzendariak.
Urakana "oso bortitza" da, eta "hondamendi handia" sortzeko gai.
(Urakanaren argazkia, nazioarteko espazio estaziotik. EFE)
Aurreikuspen horien aurrean, Babes Zibilak alerta gorria ezarri du Coliman, Jaliscoko kostaldean eta Nayariteko hegoaldean, eta alerta laranja Jaliscoko iparraldean, Nayariteko iparraldean eta erdigunean, Zacatecasen, Durangoko eta Sinaloako hegoaldean eta Marias eta Marietas uharteetan.
Ebakuazio masiboak
Testuinguru honetan, milaka pertsona ebakuatu egin dituzte Jaliscon, Coliman eta Nayarioten. Gainera, supermerkatuetara jende andana bertaratzen ari da, oinarrizko produktuak erosteko.
Luis Felipe Puente Babes Zibileko koordinatzaileak zehaztu duenez, ostegunetik 50.000 pertsona ebakuatu dituzte.
Hala ere, hiru estatu horietan 400.000 pertsona arriskuan daudela ohartarazi du.
(Jaliscoko Puerto Vallarta hiria (México), 'Patricia' urakanaren zain. EFE)