Mundua -

Urteurrena

Nazio Batuen Erakundean bizitako unerik esanguratsuenak

Chavezen "zerbaitek sufre usaina du", Arafaten olibondo adarrak edo Nikita Krushchoven zapata kolpeak Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 70 urtean utzitako irudi ahaztezinak dira.

Nazio Batuen Erakundeko bilera San Frantziskon, 1945ean
Nazio Batuen Erakundeko bilera San Frantziskon, 1945ean
Nazio Batuen Erakundeko bilera San Frantziskon, 1945ean

M.B. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Yorkeko Empire State, Txinako harresia, Egiptoko piramideak, Granadako Alanbra eta beste 245 eraikin urdinez jantziko dira gaur Nazio Batuen Erakundearen 70. urteurrena gogoratzeko. Hitzorduarekin bat eginik NBEren Batzar Nagusiak utzitako une gogoangarrienak ekarri ditugu gogora.

1)Fidel Castroren hitzaldia

1960ko irailean Nazio Batuen Erakundeko hitzaldirik luzeena egin zuen Fidel Castrok: 4 ordu eta 29 minutu. Kapitalismoaren eta Jonh Kennedy eta Richard Nixon orduko presidente estatubatuarren aurka gogor aritu zen Castro gaztea.

 

2)Krushchoven zapata

Nazio Batuen Erakundearen 70 urteko bizitzan gehien gogoratzen den une horietako bat sortu zuen. 1960ko urriaren 13an haserre batean erantzun zion Nikita Krushchovek Filipinetako ordezkariak  egindako hitzaldiari. Europa ekialdeko herrialdeak irentsi eta eskubideak lapurtu izana leporatu zion Filipinetako ordezkariak Krushchoven gobernuari eta honek ingurukoak aho bete hortz utzi zituen erantzuna izan zuen: mahaia gogor astindu, eskuineko zapata kendu eta mahaiaren kontra eraman zuen, behin eta berriz.

 

3)Arafaten hitzaldia

1974an Lerrokatuta ez dauden herrialdeen gonbidapena jaso zuen Jasser Arafatek eta lehen aldiz hartu zuen hitza NBEren Batzar Nagusian. “Olibondoaren adarra esku batean eta askatasunaren aldeko borrokalari baten arma bestean etorri naiz. Ez ezazue utzi olibondoaren adarra esku artetik ihes egiten”, esanez eman zion amaiera hitzaldiari.

 

4) Hugo Chavez

2006an Chavezek hitza hartu zuen esanez zerbaitek sufre usaina zuela. "Infernuko sua, deabruaren sua sufre usainekoa da, hain zuzen, Bagdad hiriaren usain bera, Bush deabruaren bonbek eragindakoa". Han zuen Chavezek bere aurrean sufre usaineko Bush deabrua.

 

5)Netanjahu

Irango programa nuklearraren inguruan nazioarteko akordio bat ekiditeko asmoz, Nazio Batuen Batzar Nagusiko beste une gogoangarri bat sortu zuen Benjamin Netanjahuk 2012ko irailaren 27an. Teherango erregimenak arma nuklearrak egiteko arriskuaz ohartarazi zuen, marrazki bizidunetan oso ohiko den bonba bat irudikatuz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea