Mundua -
Hegazkin errusiarraren eztanda
Ikerketa-taldeak % 90eko ziurtasunaz babesten du bonbaren hipotesia
Ameriketako Estatu Batuetako inteligentziako iturriek ehuneko hori % 99,9ra igotzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Joan zen astean Egipton, Sinaiko penintsula zeharkatzen ari zela, erori zen hegazkin errusiarraren ezbeharra ikertzen ari den ikertzaile-taldeko kideek gaur adierazi dutenez, "% 90eko ziurtasuna" dute kutxa beltzetako batek grabatu zuen soinua lehergailu baten eztanda izan zela.
"Kutxa beltzeko soinuaren gaineko argibideek eta azterketek bonba bat izan zela adierazten dute", esan diote ikerketa-taldeko iturriek Reuters agentziari. "% 90eko ziurtasuna dugu bonba bat izan zela", gaineratu dute.
Estatu Islamikoaren aldeko Sinai probintzia taldeak bi aldiz hartu du bere gain hegazkina eraitsi izana, "Errusiako bonbardaketek Siriako lurraldean eragin dituzten ehunka musulmanen heriotzei erantzuna emateko".
Badaezpadako neurri gisa, Alemaniako, Frantziako, Irlandako eta Arabiar Emirerri Batuetako hainbat hegazkin-konpainiak euren ibilbideak moldatzea erabaki dute, Sinai penintsularen gainetik hegan ez egiteko, ezbeharraren zergatiak agertu arte.
AEBko Gobernuaren ustez, bonba batek eragin zuen ia seguru
Inteligentziako, Armadako eta Segurtasun Nazionaleko zenbait goi-kargudunek CNN kateari jakinarazi diotenaren arabera, AEBko Gobernua ia erabat ziur dago bonba bat erabili zutela hegazkin errusiarra eraisteko. % 99,9ko ziurtasuna omen dute adituek.