Mundua -

Goi-bilera Maltan

EB eta Afrika ez datoz bat etorkin irregularren aberriratzearekin

Bestalde, Europar Batasunak Afrika diruz laguntzeko premiazko funts bat sortzea sinatu du gaur. Funts hori 1.871 euroz egongo da zuzkituta, momentuz.

Etorkinank, Mediterraneoan. Argazkia: EFE
Etorkinank, Mediterraneoan. Argazkia: EFE
Etorkinank, Mediterraneoan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) herrialdeak eta Afrikak beren desadostasunak plazaratu zituzten atzo etorkin irregularren aberriratzearen gaineko gaiari buruz,  Valletan (Malta) egiten ari diren bi eguneko goi-bileraren lehendabiziko jardunaldian.

Goi-bileraren hastapenean, gaur sinatu behar duten adierazpen politikoaren eta ekintza-planaren gaineko akordio baten oinarriak ezarri zituzten, baina testuaren zirriborroak irudikatzen du alderdi biek euren eskakizunak arindu behar izan dituztela, adostasun puntu horretara iristeko.

Alderdi biek adierazpenean aitortzen dutenez, prest daude legez kanpoko immigrazioaren aurkako borroka sendotzeko. Adierazpen horretan, espresuki aipatzen da adostutako aberriratze-akordioak eta nazioarteko betekizunak aplikatu behar direla.

Jarraian, aldiz, ñabartu egiten dute pertsonen "borondatezko itzulera" lehenetsiko dela, giza eskubideekin bat etorrita. Hala egitea eskatu zuten Afrikako delegazioek bileraren aurretik izandako kontaktuetan.

Dena dela, Europar Batzordeko presidente Donald Tunskek ez zuen zalantza izan publikoki honako hau azpimarratzeko: "borondatezko itzulera beti da hobea, baina posible ez denean borondatearen kontrako itzulera aurrebaldintza bat da ondo kudeatutako migrazio-politika baterako".

Bere aldetik, Angela Merkel Alemaniako kantzelariak azpimarratu zuen Afrikarekin lagunarteko harremana garatzea dela xedea. Aldi berean, nabarmendu zuen Afrikak bere herritarrenganako konpromisoa azaldu behar duela, bai kontinente horretako gazteek aukerak izan ditzaten, bai pobreziaren eta gardentasun faltaren aurka borrokatzeko.

Aldiz, Nkosazana Dlamini-Zuma Afrikar Batasuneko presidenteak Europar Batasuna gotorleku bat ez izatea eskatu zuen, baizik eta legezko immigrazioari ateak ireki diezazkiola. Halaber, batak zein besteak etsai bera dutela nabarmendu zuen: gizakien trafikatzen duten sareak.

Zumak onartu egin zuen Afrika modernizatzeko beharrizana, batez ere "gazteek alde egiteari utz diezaioten".

Afrika diruz laguntzeko funtsa

Europar Batasunak Afrika diruz laguntzeko premiazko funts fiduziario bat sortuko duela sinatu du gaur bertan. Funts horren xedea kontinentea laguntzea da, eta zonalde hartako egonkortasun eza eta legez kanpoko immigrazioaren arrazoiak etetea. Funts hori 1.871 euroz egongo da zuzkituta, momentuz.

Grezia, Zipre eta Kroazia izan dira funts fiduziario horretan ez parte-hartzea erabaki duten herrialde bakarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea