Mundua -
Omenaldi nazionala
Azaroak 27, eraso jihadisten biktimei omenaldia Frantzian
Ekitaldi nagusia Parisko Les Invalidesen egingo dutela azaldu du Frantziako Presidentetzak agiri labur batean.
Agentziak | Erredakzioa
Azaroaren 13ko eraso terroristetan hildako 129 pertsonei eta 352 zaurituei omenaldia antolatu die Frantziak. Hortaz, azaroaren 27an omenaldia egingo diete, Frantziako Presidentetzak iragarri duenez.
Ekitaldi nagusia Parisko Les Invalidesen egingo dutela azaldu du Eliseoak agiri labur batean.
Erasoen ondoren segurtasun neurriak areagotu eta larrialdi egoera martxan jarri zituzten. Honenbestez, gutxienez igandera arte elkarretaratzeak eta manifestazioak debekaturik daude Parisen.
Ikertzaileek azaldutakoaren arabera, atentatuak hiru taldek egin zituzten. Horietako batek Bataclan kontzertu aretoari eraso egin zion. Hiru jihadistek 89 pertsona hil zituzten bertan, kalashnikov fusilekin. Gainera, 100 lagun baino gehiago zauritu zituzten.
Hiru kideko beste talde batek taberna eta jatetxeak tirokatu zituen Errepublikako plazaren ekialdean (30 bat pertsona hil zituzten). Azkenik, Stade de France futbol-zelaiaren inguruetan hirugarren talde batek eraso egin zuen, Frantzia-Alemania lagunarteko partida jokatzen ari zen bitartean.
Stade de Francen hiru jihadistek euren buruaz beste egin zuten, soinean zeramatzaten lehergailuak zartarazita. Ekintzarekin pertsona bat hil zuten, eta beste batzuk zauritu zituzten.