Mundua -
Parisko atentatuen ondoren
EBk bere kanpo-mugetan kontrolak sendotzea adostu du
Barne eta Justizia ministroek 2016ko lehen hiruhilekorako utzi dute Schengen araudian egin beharreko aldaketak kontrol horiek 'sistematikoak' bihur daitezen.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko Barne eta Justizia ministroek gaurko egunez adostu dute "berehala" indartzea Europar Batasuneko kanpo-mugetan egiten diren kontrolak, baita aske zirkulatzeko eskubidea duten herritarrei egiten zaizkienak ere. Alabaina, 2016ko lehen hiruhilekorako utzi dute Schengen araudian egin beharreko aldaketak kontrol horiek 'sistematikoak' bihur daitezen.
Era horretan, Europar Batasuneko kideak diren estatuek honako konpromiso hau hartuko dute: "Beharrezkoak diren kontrol sistematikoak eta koordinatuak berehala aplikatzea, baita aske zirkulatzeko eskubidea duten pertsonen gainean ere". Egungo arauak dagoeneko baimentzen du hori egitea, baldin eta arrisku zehatzen adierazleekin bat badator eta denbora tarte batera mugatuta, Frantzian egin legez, mehatxu terrorista dagoen larrialdi egoeratan.
Horrez gain, Europar Batzordeari ardura eman dio bai egun dauden "premiazko beharrizanak eta konponbide posibleak" aztertzeko, bai urtea amaitu baino lehen mugarik gabeko Schengen espazioaren araudia berrikusiko duen proposamen bat egiteko. Araudia “eguneratzea”da helburua, beranduen jota 2016ko martxoan, kontrol sistematikoak ahalbidetzeko eta Schengeneko datuak Interpoleko datu-baseekin elektronikoki konektatzeko.
"Batzordeak onartu egin du urte bukaeran hemen aurkeztea mugei buruzko Schengen araudiaren berrikuspena, eta eskerrak ematen dizkiogu horregatik. Berrikuspen horren xedea izango da kanpo muga guztietan derrigorrezko kontrol sistematikoak ezartzea, baita Schengen espazioan sartzen diren pertsona orori ere". Horrela laburbildu du Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak, 28en batzarra bukatu ostean eman duen prentsaurrekoan.