Mundua -
AEB
Gutxienez 16 lagun zauritu dira New Orleansen izandako tiroketa batean
Bertako Poliziaren arabera, erasogileak identifikatu gabe dauden arren, gaizkile-taldeen arteko liskarrekin egon daiteke lotuta tiroketa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 16 lagun zauritu dira New Orleanseko auzo batean, Luisiana estatuan.
Poliziak jakitera eman duenez, bertako bizilagunak bideo musikal bat grabatzen ari ziren, eta 500 lagun inguru zeuden parke batean, tiroketa hasi denean.
WWL telebista-kateak zabaldu duenez, armatutako bi gizon hurbildu dira parkera eta tiroka hasi dira.
Michael Harrison New Orleanseko Polizia arduradunaren arabera, ikerketa zabaldu dute gertatu dena argitzeko, eta, oraindik, ez dituzte erasotzaileak identifikatu. Dena dela, gaizkile-taldeen arteko liskarra izan daitekeela uste dute.
Atzo, igandea, 18:00ak inguruan izan zen tiroketa. Hainbat lekukoren arabera, bi talde elkarren artean tiroka hasi ziren.