Mundua -
ERASOA
Hiru lagun hil dira klinika batean izandako tiroketan, AEBn
Hildakoak bi herritar eta polizia bat dira. Erasotzaileak bost ordu eman ditu abortuak egiten dituen klinika batean gotortuta.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez hiru lagun hil dira eta bederatzi zauritu abortuak egiten dituen klinika estatubatuar batean izandako tiroketaren ondorioz. Erasotzailea bost orduz izan da Planned Parenthood klinikan gotortuta, Coloradon.
Hildakoak bi herritar eta gertakariaren tokira bertaratu den polizia bat dira; Garret Swasey, 44 urteko agentea, hain zuzen.
Bederatzi dira zauritutakoak: lau herritar eta bost polizia. Bala zauriak dituzte, baina arriskutik kanpo daude, Catherine Buckley Poliziaren bozeramaileak jakinarazi duenez.
Erasotzailea Poliziaren zaintzapean dagoela jakinarazi dute. Biktima gehiago dauden eta atxilotuak eraikinean barruan eta kanpoan ustez jarritako objektuak ikertzen ari dira orain, lehergailuen bila. Agintariek ohartarazi dutenez, denbora beharko dute zentroa arakatzeko, itxarongelak, tratamendu gelak, komunak eta beste hainbat leku miatu behar dituztelako.
Erasotzailea bost orduz izan da gotortuta eta tiroka oldartu zaie agenteei, horietako bat hilda eta bost zaurituta.
Abortuak egiten dituzten Planned Parenthood zentroen aurkako mugimendua handia da eta duela gutxi kritika gogorrak jaso dituzte Alderdi Errepublikanoaren eskutik.
Robert L. Dear AEBko tiroketaren ustezko egilea. Iturria: EFE