Mundua -
Ingalaterra
Kritikak Arsenal futbol taldeari, 14 minutuko hegaldia hartzeagatik
Londreseko taldeak hegazkina hartu du 160 kilometro eskaseko bidaia egiteko. Futbol taldeak erabakia arrazoitu eta defendatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Britainia Handiko talde ekologistek Arsenal Londresko futbol taldea kritikatu dute 160 kilometro eskaseko bidaia egiteko hegazkina hartzeagatik. Arsenal taldeak ligako partida jokatuko du bihar, igandea, Norwich hirian -Londrestik 160 kilometrora- eta hegazkinez egin du bidaia.
Abiazioaren hedapenaren aurka borroka egiten duen Plane Stupid talde ekologistaren hitzetan, Arsenal taldearen erabakia "irrigarria eta zentzugabea" da.
"Norwichen eta Londres iparraldeko Finsbury Park auzoan bizi izandakoa naiz eta bi orduan trenez batetik bestera joan daiteke. Irrigarria da", esan dio Ella Gilbert Plane Stupideko bozeramaileak Evening Standard egunkariari.
Norwich and Norfolk Friends of the Earth erakundeak ere Arsenalen erabakia gaitzetsi du eta futbol jokalariak "burbuila" batean bizi direnaren adierazgarri dela gaineratu du. "Burbuila batean bizi direla dirudi, gainerako pertsonengandik erabat bereizita bizi dira", esan du talde ekologista horretako Jennifer Parkhouse kideak.
Duela hiru urte ere hegazkinez egin zuen Londres eta Norwich arteko bidea Arsenal taldeak. Ildo horretan, hegazkin pribatu batean bidaiatzeko erabakia defendatu du taldeak. "Bidaia antolatu genuenean errepidean lanak egiten ari ziren. Batzuetan hiri horretarako sarbidea zaila izaten da. Ez dugu askotan hartzen hegazkina, ez behintzat lehen adina. Normalean trena edo autobusa hartzen dugu", adierazi du Arsene Wenger Arsenal taldeko entrenatzaileak.