Mundua -
Bruselan
Hasi da EB eta Turkiaren arteko bilera, migrazio-krisia bideratzeko
EBk 3.000 milioi euro hitzemango ditu, Turkiako kanpalekuetan dauden errefuxiatuei laguntza emateko.
Agentziak | Erredakzioa
EBk eta Turkiak hasiera eman diote sekula egin gabeko bilerari. Bilera horretan, EBk 3.000 milioi euro hitzemango ditu, Turkiako kanpalekuetan dauden errefuxiatuei laguntza emateko; horrez gain, bisatuak askatzeko eta Turkia EBn txertatzeko prozesuak arinduko ditu. Horren truke Ankarak errefuxiatuei eutsi beharko die.
"Une garrantzitsua da EBrentzat, eta ziur nago Turkiarentzat ere izango dela. Adostuko dugun anbizio handiko hitzarmena osorik inplementatzen bada, 2015eko azaroaren 29a data esanguratsua bihurtuko da alde bien arteko harremanean", esan du kontseilu europarreko presidente Donald Tuskek, bilerara sartu aurretik.
Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroa hiru orduz bilduko da 28en ordezkariekin, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Bilera duela hainbat egunetatik zegoen deituta, Brusela eskaintza bat zehazten ari zen bitartean, baina bilerako giroa gaiztotu egin da, Turkiak hegazkin errusiar bat eraitsi zuelako joan zen asteartean Siriako mugan.
Larunbat gaueko azken orduetan, Europar Batasuneko ordezkariek Bruselan egin zuten batzar baten ostean, diplomatikoek baieztatu egin zuten Turkiari egiteko eskaintza bat adostu zutela, eta espero zutela Davutogluk sinatzeko modukoa izango zela. Bileraren aurretik Gobernuen oniritzia jaso beharko du.