Mundua -
Turkia
Lehergailu batek eztanda egin du Istanbuleko metroan
Bost pertsona zauritu dira eta, komunikabide batzuen arabera, lagun bat hil egin da. Alabaina, oraindik ez dago baieztapen ofizialik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehergailu bat zartarazi dute arratsalde honetan Istanbuleko metroan eta zenbait lagun zauritu dira, Turkiako komunikabideen arabera.
Leherketa 18:00ak inguruan jazo da, Bayrampasako geltokian, Istanbul erdiguneko industria-gune eta etxebizitzaz betetako auzo batean.
Atilla Aydiner Bayrampasako alkateak esan du bonba batek egin duela eztanda metroan. Alabaina, Haberturk telebistak dio leherketa transformadore elektriko batean izandako matxurak eragin duela.
Vasip Sahin gobernadoreak, berriz, zuhurtzia agertu du: “Hipotesi guztiak aztertzen ari gara”.
Biktimen inguruko informazioa ere nahasia da. Harbertuk telebistak pertsona bat hil dela zabaldu du, baina Aydiner alkateak hildakorik ez dagoela eta bost lagun zauritu direla jakinarazi du.
Bestalde, metroko bidaiariak ebakuatu egin dituzte eta zerbitzua eten egin dute Istanbulen, gertatutakoa argitu bitartean.