Mundua -
Tiroketa Kalifornian
Kaliforniako erasoa ekintza terrorista izan ote zen ikertzen ari dira
Tiroketaren susmagarri nagusiak harremanak izan zituen atzerriko bi talde jihadistekin, AEBko goi kargudun federal baten arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBko Ikerketa Bulego Federala (FBI) Kaliforniako San Bernardino hirian asteazkenean izandako tiroketa "ekintza terrorista" izan ote zen ikertzen ari da. Ustez, Syed Farook eta Tashfeen Malik senar-emazteek egin zuten erasoa eta, tiroketaren ondorioz, 14 pertsona hil eta 21 zauritu ziren.
Ustez, Syed Farook zenak "era bateko edo besteko" harremana izan zuen atzerriko bi talde jihadistekin; zehazki, Frente al Nusra eta Al Shabaab taldeekin, Los Angeles Times egunkariaren arabera.
Ameriketako Estatu Batuetako hainbat egunkarik ikerketako iturriak aipatuz berri eman dutenez, Tashfeen Malikek leialtasuna zin egin zion Abu Bakr al Bagdadi Estatu Islamikoko buruari, profil faltsu batekin Facebooken argitaratutako mezu batean.
The New York Times egunkariak ikerketako iturriak aipatuz nabarmendu du Malik eta Farook erradikalizazio prozesu batean murgilduta zeudela eta Estatu Islamikoan inspiratu zirela tiroketa gauzatzeko, baina ez zutela jihadisten agindu zehatzik jaso erasoa egiteko.
Estatu Islamikoak interneten zabaldutako bideo batean berri eman duenez, taldearen bi jarraitzailek egin ei zuten San Bernardinoko erasoa.
Dena den, James Comey FBIko zuzendariak ziurtatu du ez dagoela zantzurik ustezko erasotzaileak zelula terrorista zabalago baten partaide zirela esateko.
Hala ere, Comeyk aitortu du zantzuak badaudela biak ala biak "erradikalizazio" prozesu batean murgilduta zeudela adierazteko eta litekeena dela horien erasoa atzerriko talde terroristetan inspiratuta egotea.
Bestalde, Syed Farooken familiak "zuhurtzia" eskatu du terrorismoarekin lotura egiterako garaian eta "froga faktikoak" izan arte gisa horretako adjektibo kalifikatiboak erabiltzea saihestea eskatu du.
Poliziak orain arte berreskuratu dituen objektuak aintzat hartuta, tiroketa aldez aurretik pentsatu eta prestatutakoa izan zela uste dute ikertzaileek. Are gehiago, agintariek azaldu dute senar-emazteek 1.600 bala zituztela Poliziarekin aurrez aurrekoa izan zutenean eta etxean beste 4.500 bala zituztela -2.500 errifleentzat eta 2.000 pistolentzat-. Hori dela eta, bigarren eraso bat egitea aztertzen ari zirela uste dute.