Mundua -
Britainia Handia
Hiru lagun zauritu dituzte Londresko metroan labanaz egindako erasoan
Londresko Polizia ekintza terrorista gisa ikertzen ari da erasoa. Ustezko erasotzailea atxilotu dute eta ospitalean dago Poliziaren zaintzapean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez hiru lagun zauritu dituzte Londreseko metroan labanaz egindako eraso batean. Antza denez, gizon bat Londresko metroan sartu da labana eskutan "Hau Siriagatik da!" oihukatuz
Richard Walton Londresko Poliziaren terrorismoaren kontrako unitateko buruak ohar bidez azaldu duenez, "ekintza terrorista" gisa ikertzen ari dira erasoa.
BBCk adierazi duenez, larunbat arratsaldean jazo da erasoa Londres ipar-ekialdeko Leytonstone metro geltokian. Larrialdi zerbitzuek hainbat telefono-dei jaso dituzte gizonezko bat labanaz mehatxu egiten ari zela esanez. Erasoen ondorioz, hiru lagun zauritu dira -horietako bat larri-, Poliziaren arabera.
Lehen informazioen arabera, ustezko erasotzaileak oinezkoei ere mehatxu egin die. Londresko Poliziak taser bat erabili du ustezko erasotzailea atxilotzeko eta ospitalean dago, Poliziaren zaintzapean.
Britainia Handiko egunkarien esanetan, ustezko erasotzaileak "Hau Siriagatik da!" oihukatu du erasoa egin aurretik. Dena den, Poliziak ez du datu hori baieztatu. "Nik jende andana ikusi nuen lasterka, baina ez ikusiarena egin eta oinez jarraitu nuen. Bat-batean, ordea, gizon bat ikusi nuen labana eskuan", esan dio erasoaren lekuko batek The Guardian egunkariari.
"Atera zenean hau esan zuen: 'Hau da gertatzen dena ama Siriaren kontra erasoak egindakoan. Zuen odola isuriko da", gaineratu du.