Mundua -

Frantzia

Sarkozyren alderdiak ez du Fronte Nazionalaren aurkako itunik egingo

Les Republicains alderdiko ia buruzagi guztiek euren liderrak hartutako erabakia babestu dute: 'Edozein zatiketa izango litzateke txarra. Bigarren itzulia irabazi behar dugu', esan du Alain Juppek.

Nicolas Sarkozy. Argazkia: EFE.
Nicolas Sarkozy. Argazkia: EFE.
Fronte Nazionala garaile lehen txandan

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Les Republicains alderdiak Nicolas Sarkozy liderraren erabakia babestu du, eta ez du atzera egingo ezta ezkerrarekin itunik egingo ere Frantziako eskualde-hauteskundeei begira. Balizko fusio horrek xede izango luke Fronte Nazionalaren garaipena saihestea.

Jean-Pierre Raffarin lehen ministro ohiak eta Nathalie Kosciusko-Morizet Nicolas Sarkozyren bozeramaile ohiak izan ezik, alderdiko buruzagi nagusiek estrategia horren alde egin dute: "Edozein zatiketa txarra izango litzateke. Bigarren itzulia irabazi behar dugu. Irtenbidea ez da inoiz izan zerrendak fusionatzea edo atzera egitea", esan dio prentsari Alain Juppe lehen ministro ohiak. Juppe 2017ko presidentetza-hauteskundeetarako primarioetan hautagaia da.

Juppek nabarmendu du eskualde-hauteskundeetarako kanpainan sozialisten lan txarra salatu dutela, eta ezin dutela bestelakorik esan atzo gauean jazotako emaitzen ostean, "egun batetik bestera". Gobernu-buru ohiak, dena den, aitortu du alderdiak eztabaidari ekin beharko diola, bere ildo politikoaz aritzeko. Bere ustez, ildo hori ez da behar bezala entzuten, batez ere Fronte Nazionalari dagokionez.

"Sinesteko moduko irtenbiderik ez", frantziarren itxaropenetarako

"Frantziarrei esaten diegunean Fronte Nazionalak ez duela euren itxaropenetarako sinesteko moduko irtenbiderik , segurtasunaren ala langabeziaren gainean, ez zaigu entzuten. Zergatik? Zein argudio erabili beharko genuke? Zein ildo? Benetako debatea da, eta egin beharko dugu. Baina oraindik ez da garaia", esan du Juppek. Bere alderdiak, esan du, hautesleak mugiarazi behar ditu asteon, batez ere abstentzioaren alde egin zutenak, bigarren itzulian albiste onak izateko.

Fronte Nazionalak, atzo, hamahiru eskualdetako seitan irabazi zuen; Sarkozyren aliantzak (erdi-eskuinekoa da) lautan lortu zuen garaipena; eta sozialistek eta haien aliatuek hirutan irabazi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Iparraldea berriak Frantzia berriak Hauteskundeak Ipar Euskal Herria