Mundua -
Saria
Tunisiako Laukoteak Estatu palestinarra aldarrikatu du Nobela hartzean
Laukotearen ustez, mundu mailako lehentasunak dira terrorismoaren aurkako borroka eta palestinarrei autodeterminazio eskubidea lortzen laguntzea.
Agentziak | Erredakzioa
Tunisiako Elkarrizketa Nazionalerako Laukoteak Bakearen Nobel saria jaso du. Mundu mailako lehentasunak dira, horren iritzian, terrorismoaren aurkako borroka eta palestinarrei autodeterminazio eskubidea lortzen laguntzea.
Talde horrek Arabiar Udaberria jaio zen herrialdean demokrazia ezartzen lagundu zuen, eta horregatik jaso du saria. Urtero legez, Oslon eman dituzte sariok, segurtasun-neurri handien artean, Parisko azaroaren 13ko erasoen ostean.
"Terrorismoaren aurkako borroka lehentasuna izan behar da. Horrekin amaitzeko, koordinazioa eta lankidetza ezinbestekoak dira", azaldu du Hussein Abassi Tunisiako Langileen Sindikatuko liderrak, laukoteko kideetako batek.
"Munduko gatazka guztiekin amaitu behar dugu, Palestinakoarekin bereziki, eta, horrez gain, palestinar herriari autodeterminazio eskubidea aitortu behar diote, estatu independientea sortzeko", gaineratu du.
2013ko udan sortu zuten Tunisiako Elkarrizketa Nazionalerako Laukotea.
Laukoteko kideek Tunisiako gizartearekin partekatu dute saria, eta Afrikako herrialdean "iraultza" 2010eko abenduan hasi zela nabarmendu dute. Lana, askatasuna eta justizia soziala eskatzen zuten orduan, eta eskari hori aldaketa politikorako aldarri bihurtu zen.
"Islama eta demokrazia bateraezinak direla esaten dutenak, eta alderdi islamistek eta sekularrek gizartearen alde elkarrekin lan egin ezin dutela esaten dutenak, etor daitezela Tunisiara", esan du.