Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Europako mugak kontrolatzeko talde bat sortzea proposatuko du Bruselak
Mugen Kontrolerako Taldeak edozein herrialdetan jarduteko eskumena izango luke, salbuespen egoera bada. Estatu bakoitzari dagokio egun ahalmen hori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako Batzordeak mugak kontrolatzeko talde berezi bat sortzea proposatuko du abenduaren 15eko bilkuran. Mugen Kontrolerako Taldeak herrialde batean sartzeko eta jarduteko eskumena izango du, “arazoa larria eta iraunkorra denean”.
“Estatuak berak egin beharko du hasiera batean egoeraren azterketa, eta horren ostean, baldintza zorrotz batzuen arabera, talde berri horrek herrialde horretan jarduteko eskumena izango luke”, azaldu dute Europako Batzordeko iturriek.
“Frontexek izen berria hartuko du. Mugen Kontrolerako Taldea diseinatzen ari gara. Erabateko aldaketa egin nahi dugu”, erantsi du. Estatu bakoitzaren esku dago gaur egun bere lurraldean sartu eta jarduteko baimena ematea.
Besteak beste, Alemania, Frantzia eta Espainia dira talde berri hori sortzearen alde dauden herrialdeak. Proposamenak gehiengo zabalaren babesa lortuz gero, eta EBko gobernuen eta Europako Parlamentuaren oniritzia jasota, asmoa da datorren urtean indarrean egotea.
Errefuxiatuen krisiak zalantzan jarri du Schengen eremuko itunaren balioa, eta herrialde batzuek, Alemaniak, Austriak eta Suediak, esaterako, beren mugetako kontrolak zorroztea eragin du.