Mundua -
Afganistanen
Espainiako polizia bat hil da Kabulen izandako erasoan
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak konfirmatu du Espainiako polizia bat hil dela Kabulen, Espainiako enbaxada inguruan izan den talibanen erasoan.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak konfirmatu du Espainiako polizia bat hil dela Kabulen (Afganistan), Espainiako enbaxada inguruan izan den talibanen erasoan. Hildako poliziaren senideei "babesa" azaldu die Rajoyk.
Espainiako delegazio diplomatikoa "aske" utzi dute eta onik dago, azaldu duenez.
Presidenteak konfirmatu du Espainiako enbaxada ez zela atentatuaren helburua. "Guztiok, mendebaldeko edozein herrialdek, dugu eraso terrorista baten helburu izateko arriskua, baina kasu honetan ez da horrela izan. Ez zen gure aurkako erasoa, alboan dagoen ostatu baten aurkakoa baizik", esan du.
Kabuleko iturri ofizialen arabera, erasoa bertako 18:00etan (13:30 GMT) izan da, Sherpor inguruan. Bertan hainbat enbaxada (tartean, Espainiakoa) eta gobernuko eraikinak daude. Auto batek eztanda egin du eta taliban suizida talde bat Espainiako enbaxada alboan dagoen ostatu batean sartu dira.
Talibanek erasoa bere gain hartu dute, eta hainbat biktima eragin dituztela azpimarratu dute.
Kabuleko poliziak konfirmatu duenez, gutxienez hamar zauritu izan dira erasoan, denak Afganistangoak.
Afganistango Gobernuak konfirmatu du bi taliban suizida hil direla, atzerritarrak hartzen dituen ostatu baten aurka eraso egin ostean. Hirugarren erasotzailea zaurituta dago, segurtasun indarrekin izandako liskarren ondorioz.