Mundua -
AEB-N
900 eskola itxi dituzte Los Angelesen, bonba-mehatxu bat dela eta
"Mehatxua aztertzen ari gara oraindik, baina eskolak ixtea erabaki dugu, campusak seguruak direla egiaztatu arte", azaldu du Poliziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
900 eskolatik gora itxi dituzte gaur Los Angelesen (AEB), bonba-mehatxu baten ondorioz, bertako Poliziak jakinarazi duenez.
Agintariek ez dute zehaztu zer-nolako mehatxua jaso duten, baina, Los Angeles Times egunkariaren arabera, telefonoz egindako bonba-mehatxua izan da.
"Mehatxua aztertzen ari gara oraindik, baina eskolak ixtea erabaki dugu, campusak seguruak direla egiaztatu arte", adierazi du Steve Zipperman Los Angelesko Eskoletako poliziaburuak, prentsaurrekoan.
Itxitako eskolak publikoak dira, eta 640.000 ikasle baino gehiago dituzte. Ikasleak eskoletan zeuden etxera itzultzeko agindua jaso zutenean.
Poliziak ez du zehaztasunik eman mehatxu horri buruz, baina, antza denez, eskoletan utzitako hainbat motxila eta pakete susmagarrirekin lotura izan lezake.
Abenduaren 2an, Estatu Islamikoaren bi ustezko zalek 14 pertsona hil zituzten San Bernardinon.