Mundua -
New Yorken
Ume batek bi aireratze baimendu zituen JFK aireportuan
New Yorkeko aire-kontrolatzaile batek bere semeari aireratzeak baimentzen utzi ote zion ikertzen ari da AEBetako Hegazkintza Administrazio Federala.
Erredakzioa
New Yorkeko JFK aireportuko aire-kontrolatzaile batek bere semea lanera eraman eta bi aireratze baimentzen utzi ote zion ikertzen ari da AEBetako Hegazkintza Administrazio Federala.
Grabazioan umeak dio: "Jet Blue 171, aireratzeko baimena duzu". Beranduago gizon batek esaten du: "Mutilak, hauxe da lortzen dena seme-alabak eskolara joaten direnean". Pilotuak barre egin zuen orduan eta gaineratu zuen: "Nire semea lanera ekartzea gustatuko litzaidake"; "lan ikaragarria duzu", esan zion umeari. Air Mexicoko hegaldi bat aireratzen lagundu zuen umeak ere.
CNNri jakinarazi zion gertaera iturri batek. Antza denez, bigarren aire-kontrolatzaileak dena zuen kontrolpean, hala ere, "horrelakoak gertatzen ez direla ziurtatu beharko lukete".
Otsailaren 17an gertatu zen jazoera. Semea lanera eraman zuen aire-kontrolatzaileak beranduago jakinarazi zuen egin zuela. Ikerketa egiten duten bitartean, aire-kontrolatzaile biak beste postu batean jarri dituzte.
Dena den, aire-trafikoaren grabazioak jasotzen dituen web orrialde bateko jabeak (Dave Pascoe) esan duenez, jazoera "goraipatu" dute, baina berez "berregarria" da.
Aire-kontrolatzaileen sindikatuak komunikatu batean ohartarazi duenez, "ez dugu jokabide hori onartzen".