Mundua -
Iruzkina
Obamak bere aldekoen konfiantza berreskuratu behar du
Azaroan legegintzarako hauteskundeak daude, eta demokratek galtzaile izateko arriskua daukate. Obama ohartu da errepublikanoekin dena adosten saiatu izanak ez diola ezertarako balio izan.
Jesus Torquemada
Barack Obama hasi da ohartzen bere politikak porrot egiteko arriskua daukala. Bere zaleen artean piztu zituen ilusioak desegin egin dira, eta alderantziz, etsaiak harrotu egin zaizkio.
Bere presidentetzan garaile atera nahi baldin badu, erreakzionatzeko garaia du. Segurantza Sozialaren erreforma da giltza.
Obamak berak ipini zuen puntu hori bere egitarauaren muinean, beraz, artez edo moldez, aurrera atera beharra dauka. Urtebete galdu du erepublikanoekin adostu nahi osasun sistemaren erreforma ausart bat, baina oposizioak ez du presidentearen proposamenetatik ia ezer onartu. Beraz, azkenean, besterik ezin eta erreforma koskor bat ateratzen saiatu beharra dauka.
Ez da izango aseguru publikorik, aseguratzaile pribatuekin lehiatuko denik, beraz, hauek nahi duten tarifak ezartzen jarraituko dute.
Hala eta guztiz ere, izango dira zenbait klausula, asegurutzaileek orain baino abusu handiagoak egitea galarazteko. Baina bere erreforma ahultzeaz gain, Obamak badu beste oztopo bat ere: demokratek ez daukate orain 60 senatarien gehiengoa, legeak aise onartarazteko beharrezko dena, errepublikanoek luzamendu azpijokoak erabil ditzakete bozketa are gehiago atzeratzeko.
Luzarogabe datoz azaroko legegintzarako hauteskundeak, eta demokratek galtzaile ateratzeko arrisku handia daukate. Obamak argi ikusi du bere asmo onek, eta errepublikanoekin gauzak adosteko ahaleginek, ez diotela ezertarako balio izan, beraz, gogor ekin beharko du bere aldekoen konfiantza berreskuratzeko.