Mundua -
Gutxienez 13 zauritu
6,4 graduko lurrikara batek Taiwan astindu du
Ehun bat eskola eraitsi dira eta 54.000 etxe argirik gabe geratu dira. Ez dago hildakorik momentuz eta kaltetuak laguntzeko protokoloa abian jarri du Taiwanek.
Erredakzioa
Orain dela hamaika urte lurrikara bortitz batek 2.400 hildako utzi zituen Taiwanen eta gaur, berriz dar-dar egin du irlak. 6,4 graduko lurrikara batek Taiwaneko hego-ekialdea astindu du 8:20etan (hemen 0:20 zirenean) eta ondorioz, ehun bat eskola eraitsi dira.
T''ai-tungeko hiritik 33 kilometrotara kokatu zen lurrikararen epizentroa eta handik 400 kilometrora dagoen Taiwaneko hiriburua, Taipei, astindu zuen eta 54.000 etxe argirik gabe utzi zituen.
Orain arte, ez dago hildakorik baina Chiayiko eskola bat eraitsi zenean, 13 lagun, gehienak umeak, zauritu zituen.
Hezkuntza ministerioaren datuen arabera, gutxienez 99 eskola eraitsi ziren lurrikararen ondorioz. Gainera, gas tutuen apurketek eta bestelakoek hainbat sute eragin zituzten.
Lurrikarei aurre egiteko protokoloa martxan jarri du Taiwanek. Suhiltzaileak eta militarrak kalte gehien jasan dituzten lekuetara bidali dituzte kalteak ebaluatzeko eta kaltetuei laguntza eskaintzeko.