Mundua -
Parisko atentatuak
Belgikako legediak Abdeslamen ustezko gordelekua miatzea eragotzi zuen
21:00etatik 05:00etara toki batean indarrez sartzea eragozten die Belgikako legediak segurtasun indarrei.
Agentziak | Erredakzioa
Belgikako Poliziak Salah Abdeslam terroristaren ustezko gordelekua goizaldean miatzerik ez zuen izan. Ustez Parisko atentatuetan parte hartu eta bi egunetara, etxebizitza miatzeko aukera izan zuten segurtasun indarrek, baina 21:00etatik 05:00etara toki batean indarrez sartzea eragozten die legediak poliziei.
Delitu goria edo sutea denean bakarrik sar daitezke ordutegi horren barruan etxebizitza batean segurtasun indarrak, Belgikako Zigor Kodearen arabera. Parisko erasoen ondoren, Gobernuak legea aldatuko du, terrorismo kasuetan miaketak 24 orduetan zehar egiteko aukera emateko.
“Susmagarria bertan ezkutatu izana ezin dela baztertu esan digute gure zerbitzuek, baina ordu batzuetan miaketak egiteko aukerarik ez izateak ez digu Salah Abdeslam aurkitzen lagundu”, onartu du Koen Geens Justizia ministroak Belgikako RTBF telebistan.
Susmagarriak etxe-aldaketa bat aprobetxatu omen zuen, beste etxebizitza batean ezkutatu ondoren ihes egiteko. Hori da ikertzaileek esku artean duten hipotesietako bat, RTBFk zabaldu duenez.
Fiskaltzak informazioa zehaztu du
Bestalde, ministroaren adierazpenak zehaztu ditu Belgikako Fiskaltzak. Azaroaren 16an, Molenbeek-Saint-Jean Bruselako barrutian, sarekada bat atzeratu behar izan zutela onartu du Fiskaltzak, baina azkenean miaketa egin eta froga eztabaidaezinik ez zutela topatu adierazi du.
Flandriako VTM telebistak Geens Justizia ministroari eta Jan Jambon Barne ministroari egindako elkarrizketa luzea emango du gaur, 22:50ean. Gau hartan, Abdeslam aurkitzeko operazioan, gertatutakoaz xehetasun gehiago ematea espero da.