Mundua -
NBE-ko Segurtasun Kontseiluan
Putinek babestu egin du AEBk EIren aurka egindako ebazpena
Errusiako presidentearen esanetan, asteartean aurkeztu zion Kerryk proiektua, eta “proposamen onargarria” da, baina ukitu batzuk behar ditu, horren ustez.
Agentziak | Erredakzioa
Vladimir Putin Errusiako presidenteak babestu egin du AEBko Gobernuak Estatu Islamikoaren finantziazioa oztopatzeko NBEko Segurtasun Kontseiluan proposatuko duen ebazpena.
John Kerry AEBko Estatu idazkariak ebazpen proiektua asteartean aurkeztu ziola azaldu du Putinek. Errusiako buruzagiaren hitzetan, “proposamen onargarria” da, baina ukitu batzuk behar ditu.
Ebazpena “Barack Obama presidentearen ekimena” dela gogorarazi du Putinek. Sirian, Iraken eta Yemenen gertatzen ari denak AEB eta Europa kezkatzen dituela ondorioztatu du Errusiako agintariak.
“Oro har, atsegin dugu. Proiektua aztertu ondoren Siriako agintariek gustuko izango dutela uste dut, baina atsegin ez duten zerbait egon liteke”, esan du.
Baxar al-Asad Siriako presidentearen etorkizunari dagokionez, “Siriako herriak bakarrik erabaki dezake nork gobernatu behar dituen”, adierazi du beste behin Putinek.
Halaber, Siriak jihadisten kontrako ofentsiba militarra egiten duen bitartean, Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketak egiten jarraituko dutela esan du.