Mundua -
Mayo Plazako Amonak
Ezeztatu egin dute Chicha Marianik biloba aurkitu izana
Mayo Plazako Amonen fundatzaileetako batek biloba aurkitu duela zabaldu den arren, ukatu egin dute.
agentziak | erredakzioa
Ukatu egin dute Maria Isabel Chorobik de Marianik, Chicha Marianik, biloba aurkitu izana. Mayo Plazako Amonen fundatzaileetako bat da Mariani, eta ostiralean bertan zabaldu zen Clara Anahí Teruggi biloba aurkitu berri zuela, 39 urtez “etengabe bila aritu” ostean.
Gaur, baina, Marianriren abokatuak berak ezeztatu egin du informazio hori. ''Genetika banku nazionalaren ikerketetan egiaztatu ahal izan dugunez, ez dago harremanik atzo Marianiren etxean agertutako gaztearen eta emakumearen artean'', azaldu du abokatuak ohar batean.
Marianik berak Facebooken mezu bat kaleratu zuen, argazki eta guzti, eta bertan azpimarratu zuen “sekula ez” zuela biloba bilatzeko lana utzi, “zientzia genetikoen alorrean desagertutako haurren nortasuna zehazteko ekimenak sustatuz”. “Lotura biologikoa zehazteko mekanismo zehatz bati esker, % 99,9koa da bien arteko lotura”, azaldu zuen.
Hala ere, abokatuak jakitera eman du ekainaren 25ean emaitza negatibo horien berri eman zitzaiola gazteari, baina berak ez zituela horiek aipatu Chicha Marianiren etxean agertu zenean.
Clara Anahi amaren besoetatik eraman zuten hiru hilabete zituenean, 1976ko azaroaren 24an, La Platan. Orduan abiatu zuen Marianik bilatzeko ekimena, eta Mayo Plazako Amonen fundatzaileetako bat izan zen.