Mundua -
6 gradu Richter eskalan
57 hildako, Turkia ekialdean izandako lurrikara baten ondorioz
Gainera, lagun asko zauritu egin dira, horietako 10 larri, eta kopuruak gorak egin lezake, Elazig probintziako mendiko herrixkekin oraindik harremanetan jartzerik izan ez dutelako.
Erredakzioa
Gutxienez 57 lagun hil dira eta 50 bat zauritu Turkiako Elazig probintzia jo duen 6 graduko lurrikara baten ondorioz, Cemil Cicek Gobernuaren bozeramaileak lurrikara gertatu den lekuan jakitera eman duenez.
Istanbuleko Kandili behatokiak adierazi duenez, lurrikararen erdigunea Karakocan herrian kokatu da bertako 04:32an.
Behatokiak 2,1 eta 4 gradu arteko 10 dardara atzeman ditu lurrikararen ondoren.
Elazigeko Gobernu ordezkaritzak esan du 57 direla hildakoak eta 50 zaurituak, baina biktimen kopuruak gora egin dezakeela mendi aldean dauden herrixkekin harremanetan jartzerik izan ez dutelako.
Zaurituetako 10 larri daudela azaldu du aipatu iturriak.
Lurrikara 5 kilometroko sakoneran gertatu da eta Tunceli, Diyarbakir eta Malatya probintzietan ere sentitu dute, herritarren artean izua zabalduz.
Turkiako agintarien esanetan, lurrikarak nekazal guneak soilik jo ditu, eta ez Elazig hiria, bertan eraikinak zementuz egindakoak eta egonkorragoak direlako. Hala ere, hiritar asko eta asko etxetik atera dira errepliken beldur.
Lurrikara inguru menditsu batean nabaritu dute gehien eta dozena bat herrixkari eragin die gehien. Herrixka horietan etxeak adobezko adreiluekin eraikita daude.
"Egoera beldurgarria da, jendea izututa dago. Euria ari du eta behe-lainoa dago, inork ezin du etxera itzuli", adierazi du Yasar Çagribay Elazigeko Ilargi Gorriaren zuzendari nagusiak.
Muammer Erol Elazigeko gobernadoreak esan du gutxienez hamar herri oso kaltetuta gertatu direla.
Turkian inoiz izan den lurrikara suntsitzaileenak 7,9 gradu zituen Richter eskalan eta Elazig iparraldean dagoen probintzia jo zuen eta 33.000 hildako utzi, 1939an.