Mundua -

Txina

Terrorismoaren kontrako legea onartu du Txinak

Aldi berean, amaiera eman dio seme-alaba bakarraren politikari eta aurrerantzean 'bikote guztiek' bi seme-alaba izan ahalko dituzte.

Txina. Artxiboko irudia: EiTB
Txina. Artxiboko irudia: EiTB
Txina. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Parlamentuak terrorismoaren kontrako herrialdearen historiako lehendabiziko legea onartu du, Gobernuari eskumen zabalak ematen dizkion lege eztabaidagarria. Gainera, lege hori onartuta, aurrerantzean eraso terroristei buruzko informazioa emateko mugak izango dira Txinan.

Orain arte Txinak ez zuen terrorismoari aurre egiteko lege zehatzik, eta Asiako herrialdean terrorismoaren gaineko kezka areagotu den garaian onartu du legea Parlamentuak.

Hainbat txinatar nazioarteko terrorismoaren biktima izan dira, besteak beste, Estatu Islamikoak Fan Sirian bahitu eta eraildako Fan Jinghui txinatarra eta Maliko hiriburuan eraso jihadista batean hil ziren hiru enpresaburuak.

Bi seme-alaba

Bestalde, Txinako Parlamentuak seme-alaba bakarraren politikari amaiera emango dion legea onartu du eta aurrerantzean bi seme-alaba izateko eskubidea izango dute bikote guztiek, Xinhua Txinako albiste agentziak berri eman duenez.

"Bikote batek bi seme-alaba izateko baimena izatea onartzen du Estatuak", Txinako Parlamentuak onartutako Populazioari eta Familia Planifikazioari buruzko Legearen arabera.

Lege berria datorren urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Txinako Alderdi Komunistak "seme-alaba bakarren politika" izenarekin ezaguna den legea indargabetzea adostu zuen urrian. 2013an demografia politikan aldaketak egiten hasi zen Txina eta bi seme-alaba izatea ahalbidetu zien bikotekideetako bat seme edo alaba bakarra zen bikoteei, Txinaren etorkizuna arriskuan jartzen ei zuen desoreka demografikoari aurre egiteko.

Txinak 70eko hamarkadaren amaieran onartu zituen demografiaren hazkundea gelditzeko lehendabiziko legeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Txina Eguneko albisteak