Mundua -
Ibaiek, gainezka
180.000 lagunetik gora etxetik kanpo uholdeen ondorioz, Hego Amerikan
Gehienak, 140.000, Paraguain. Ingalaterra, Gales eta Eskozia iparraldean ere uholde handiak pairatzen ari dira.
agentziak | erredakzioa
Gutxienez 180.000 pertsona etxetik atera dituzte uholde larrien eta ibaiek gainezka egin izanaren ondorioz Paraguain, Uruguain, Brasilen eta Argentinan, bertako hedabideek jakitera eman dutenez. Oraingoz sei dira baieztatu dituzten hildakoak, Paraguaiko lauak eta elektrokutatuta Argentinan hil den gaztea tartean.
'El niño' fenomenoaren ondorioz gertatutako uholdeak Paraguai jotzen ari dira gogorren, bertan 140.000 baitira etxetik atera behar izan dituztenak, herrialdeko agintarien esanetan.
Brasilen, berriz, Dilma Roussef presidenteak iragarri du 1,8 milioi dolar emango dizkiela uholdeek gehien kaltetutako inguruei.
Argentinan 20.000 pertsona inguru atera dituzte etxetik, eta gutxienez pertsona bat hil da uholdeekin lotutako gertakari batean. Armada elikagaiak banatzen ari da isolatutako bazterretan.
Uruguai iparraldean uholdeen ondorioz 11.000 pertsonatik gora mugiarazi dituzte, baina Cuareim ibaia bere onera itzultzen hasi da, eta horrek nabarmen hobetuko omen du egoera.
Britainia Handia
Bestalde, Britainia Handiko Armadak Cumbrian esku hartu behar izan du, Ingalaterra ipar-ekialdean, urak azpiratutako lurretan; izan ere, 350 uholde alerta baino gehiago izan dira azken orduotan Ingalaterra, Gales eta Eskozia iparraldean.